"Bigarren txandan sartu eta haiekin benetan lehiatzeko gai izan nahi dugu"

Zarauzko Hitza 2017ko ekainaren 15a

Zarauzko 'Enbata' iazko estropada batean.

Igande eguerdian abiatuko dute KAE 1 liga, Santurtziko XXXVIII. Ikurrina-Mahala Sari Nagusia jokatuz, eta bertan izango da Enbata trainerua. Aurten eskualdeko beste hiru traineruk parte hartuko dute ligan: Getariak, Orio Bk eta Zumaiak, hain zuzen ere. Horrek arrauneko sasoiari saltsa berezia emango diola uste du ZAEko batzordekide Gaizka Garmendiak.

Liga hastear den honetan, taldea ze aldarterekin dago?
Estropadekin hasteko irrikaz gaude. Pixka bat jakin-minez eta lehiatzeko gogoz. Negua luzea egiten den arren, guk bateletan eta trainerilletan aritu gara, eta horrek betiere eramangarriago egiten du. Alde horretatik, aukera eman digu tentsio apur bat kentzeko traineruari, baina trainerillen sasoia bukatu zela aste batzuk badira eta konturatzerako traineru ligarako buru-belarri jarrita gaude.

Denboraldiaurrea zer moduz joan da? Batelak eta trainerillak horretarako bide eman al dizuete?
Bateletan eta trainerilletan lehiatu badugu ere, traineruko entrenamenduak ez ditugu albo batera utzi. Egun askotan, gainera, entrenamendu saioa egin ondoren lehiatu dira gure arraunlariak batelarekin. Trainerilletan, aldiz, ezberdina izan da: tartekatuta joan dira trainerilletako eta traineruko entrenamenduak, hor plantilla osoak hartu duelako parte. Orokorrean, trainerillak eman digun puntu horrekin gustura gaude, lehiakortasuna eta arintasuna eman baitigu traineruan ikustea espero duguna.

Zer moduz joan da trainerilletako sasoia?
Txukun joan da, eta orokorrean gustura gaude. Liga nahiko laburra izan da, eta entrenatzailea errotazioak egiten aritu da gehienetan. Beraz, ontzi onena gutxitan uretaratu du. Trainerilletan inportantea izaten da talde guztiak parte hartzen duenean ontziak gehiegi ez antzematea hori, eta trainerilletako bi ontziak txukun aritu dira, egia esan.

Anjel Larrañaga da aurten ere entrenatzailea. Bigarren urtea du taldean...
Hala da, bai. Jada taldea ezagutzen du, eta hori abantaila da. Badaki norekin eta nola kontatu egoera bakoitzean, eta berak ere badaki guk nola egin nahi dugun arraunean.

Eta nola egin nahi du arraun Zarautzek? Nolako arraunketa?
Apainketa gehiegirik eman gabe, eta paladaren pasada eraginkorra izan dadila; bukaera indartsua izan dezala, eta pala uretan doanean beti helduta joan dadila, presiorik galdu gabe.

Iazko helburu berak jarri dituzue ala zerbait gehiago egiteko asmoarekin uretaratuko zarete aurten?
Denboraldiaurrean gure helburua zen koska bat gora egitea, argi eta garbi, baina azkenean hori jarraitzen duen edo duzun plantillak baldintzatzen duen zerbait da. Iaz 19 arraunlari ginen, talde luzea, baina aurten alderantzizkoa gertatu zaigu: hainbatek ez jarraitzea erabaki zuen, bat edo beste beste talde batetara joan da, eta 15 lagunekin egin dugu neguko denboraldia. Orduan, bloke horrek aukera eman digu arraunketa nahiko sendoa egiteko. Plantilla estu samarra denez, aurten hain emaitza onak eman dizkiguten jubenil mailako hiru lagun ariko dira gurekin.

Gure ligan Bizkaiko bi taldek –Deustua eta Santurtzi– eta Donostiak diru dezente inbertitu du eta TKEko arraunlariak gerturatu dituzte haiengana. Horiek beste maila batean ikusten ditugu, gurea ez dena, baina itxaropena eta ilusioa dugu bigarren txandan lehiatzekoa. Iaz horren atarian geratu ginen, hortxe-hortxe: ez ginen sartzen, eta sartzen ginenean justu-justu. Beraz, bigarren txanda horretan aritu nahiko genuke, eta ahal denean gure txandan irabazi.

Iaz bederatzigarren bukatu zenuten liga.
Askotan postuari begiratzen zaio, eta bederatzigarren postuan bukatzea ez litzateke txarra izango, baldin eta talde gehiagoren arteko lehia ikusiko bagenu. Iaz bost talde atzerago geunden, eta beste zazpiak aurrerago. Esaterako, sailkapenean zazpigarren postuan zegoena urruti geneukan. Aurtengo helburua izango litzatekeena da bosgarrenarengandik edo seigarrenarengandik gertu ibiltzea, nahiz eta gero sailkapenean bederatzigarren gelditu. Hain zuzen ere, bigarren txanda horretan sartu eta haiekin benetan lehiatzeko gai izatea.

Zeintzuk izan daitezke zuen aurkaririk zuzenenak, edo behintzat parez pare izango dituzuenak?
Ba ez dakit. Nik uste dut eskualdeko lehia polita izango dela. Urola Kostako lau talde ariko gara nor baino nor, elkar oso ongi ezagutzen dugunak, baina, oraintxe bertan, ez nuke esango buru ikusten garenik. Aurreko urteari begiratuz, Getariak izan beharko luke irabazle, baina badirudi iaz baino gutxiago dabilela, eta Zumaia TKEtik jaitsi zen iaz.

Horien saltsan ibiltzea, eta estropadaz estropada eskualdekoko lehena zein izan den ikustea ere pizgarri izango zaigu. Eta herritarren artean saltsa horrek gehiago motibatuarazten zaitu beste talderen baten aurka aritzeak baino. Lehia hori polita joango da aurten gure mailan, eta ez zait iruditzen lauron artean alde handirik izango denik. Beraz, jardunaldi batean lau horien artean azkenak izan gaitezke, eta hurrengoan aurrenak. Ixura hori hartzen diot, baina ligako estropadak hasten direnean ikusiko da hori.

Aurten emakumezko talderik ez duzue osatu.
Tamalez, lau urteko esperientzia eta gero, trainerua ateratzeko adina lagunik gabe geratu gara. Azken hiru urteak Getariarekin batera atera dugu, baina aurten ezinezkoa izan da. Gainera, neskak ere sakabanatu egin dira, eta zaila izango da hortik zerbait ateratzea. Beste olatualdi baten zain geratu beharko dugu. Aitortu behar dugu asko kostatzen ari zaigula emakumezkoak arraunera gerturatzea. Orokorrean, jendea arraunera erakartzea gero eta gehiago kostatzen zaigu. Herri mailan hainbat kirol taldek eskolak sortu dituzte, eta kaptazioa 8 eta 10 urte bitartean egiten dute, eta arraunean hasteko adina iristen zaienerakoa jada beste kirol batean dabiltza, eta aldatzea kosta egiten zaie. Hor daukagu erronka.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide