ZKEko futbol atalak denboraldiko balantzea egin du

Zarauzko Hitza 2017ko ekainaren 12a

Futboleko neskei harrera egin zieten maiatzaren 5ean, bigarren mailara heltzea lortu zutelako.

Lorpenen artean nabarmenena izan da emakumezkoen senior taldea bigarren mailara igo dela. Oro har, talde guztiek maila mantentzea lortu dute. "Jakitun gara esfortzua, talde lana, elkartasuna eta errespetua bezalako baloreak txertatuz lortu direla kirol emaitza horiek", aitortu dute.

"Denboraldi amaiera iritsita, atzera begiratzeko garaia iritsi da. Denboraldi hasieran jarritako helburuak bete diren ikusi eta Plan Estrategikoak markatutako lerroen jarraipena egiteko garaia da". ZKEko Futbol sailak 2016-2017 denboraldiko balantzea egin du. Parte hartzeari dagokionez, jakinarazi dute ikasturte honetan gizonezkoen 13 talde aritu direla futbolean eta emakumezko 6 talde. Horiez gain, futbol eskolan jardun dute 122 mutilek eta 41 neskak.

Guztira, 534 partida jokatu dituzte, horietatik 262 Astin, eta 18.420 zaletu eta ikusle bertaratu dira norgehiagokak bertatik bertara jarraitzeko. Entrenamenduei dagokionez, 1.607 saio egin dituzte Astin nahiz La Sallen. 22 entrenatzaile izan dira, atezainen 3 entrenatzaile, 10 ordezkari eta prestakuntza fisikoko 2 arduradun.

Lorpenen artean nabarmenena izan da emakumezkoen senior taldea bigarren mailara igo dela. Horrekin batera, kadete B mailako emakumezkoek Federakuntza Kopa irabazi dute, eta gizonezkoen ohorezko infantil mailako taldea Gipuzkoako Txapelketan bigarren postuan sailkatu da. Horri esker, Euskadiko Infantil Txapelketan parte hartu du, Lezaman.

Gizonezko infantil txiki taldeak, berriz, igoera fasean hartu du parte, eta gizonezkoen erregional taldeak igoera "gertu" izan du. Oro har, talde guztiek maila mantentzea lortu dute. "Jakitun gara esfortzua, talde lana, elkartasuna eta errespetua bezalako baloreak txertatuz lortu direla kirol emaitza horiek", aitortu dute.

Etorkizunerako erronka "garrantzitsuak"

"500 gazteren parte hartzeak futbol jarduera bultzarazi du, gehien bat emakumezkoen jarduerak, emakumezkoen futbola zaletuak eskolatik hasi eta federatu arte futbolaz gozatzeko aukera izan dezan", nabarmendu dute. Hala, eskerrak eman dizkiete "oinarri hauek ulertu eta, arazoak arazo, lan hori guztia aurrera eramatea lortu dutenei". Horien artean, Fermin Yerobi kirol zuzendariari eman dizkiote eskerrak, "egitura egonkor bat finkatzea lortu duelako, eta urteetako lanen ondorioz talde zein jokalari  kopuruak hirukoiztu direlako".

Udalari ere eman dizkiote eskerrak Astiko instalazioetan egindako inbertsioengatik: "Honek ere hazteko bidea eman digu". Bide batez, uste dute "zaharkituta dagoen Asti Txiki belar artifizialeko zelaiaren aldaketa edota berrikuntza beharrezkoa" dela eta "aldaketa laster egingo dutela"-

Datorren denboraldira begira, "erronka garrantzitsuak" jarri dituzte. "Etorkizuna konplexua da eta guztion artean aurre egin beharko diogu, ausardia eta ilusioarekin".

 

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide