Aurreikuspen guztiak hautsi dituzte aurtengo irabazleek. Gizonezkoetan, duela bi urteko txapeldun eta iazko txapeldunorde Gustavo Rodriguez zen faborito nagusia, baina Cesc Godoy katalanak amest bat zeukan eta amets hori betetzea lortu du: Zarauzko Triatloia irabaztea. Bere aita Paco Godoyk hiru bider du irabazita proba –1990ean, 1991n eta 1992an, hain zuzen ere–, eta semeak ere balentria errepikatu nahi izan du. Aurreko urtean podiumeko hirugarren koskara igo bazen, aurten txapela erdietsi du nagusitasun osoz.
Hasieratik bukaeraraino buru izan da. Getariatik Zarauzko hondartzara iristen lehena izan da, nahikoa abantailarekin, eta aldea baliatu eta areagotu egin du bizikletako zatian. Korrika hasterako ia 8 minutu ateratzen zizkion Rodriguez bigarrenari. Honek aldeak murrizten saiatu den arren, 2 minutu eta 44 segundo lehenago helmugaratu da Gogoy, 04:02:28ko denborarekin. Hirugarren postuan lehia bizia izan da, bai bizikletan bai korrika, eta azkenean Miguel Angel Fidalgorentzat izan da.
Emakumezkoetan ezusteko galanta eman du Pontevedran bizi den Joselyne Brea venezuelarrak. Bazirudien Judith Corachan katalanak irabaziko zuela proba. Igeriketan aurretik atera baita, Zumaian bizi den Helene Alberdi bilbotarrarengandik orpoz orpo, eta, ondoren, buru joan da bizikletako zati osoan. Saleta Castro galiziarrak, bien bitartean, aurrea hartu dio Alberdiri bizikletarekin, eta korrikaldia hasterako, Corachan eta Castro ziren lehena eta bigarrena, hurrenez hurren.
Break, ordea, atzekoz aurrerako lasterketa egin du, eta korrikaldian sekulako erakustaldia eskaini ondoren, bere aurretik zituen guztiak atzean utzi, eta bakarrik helmugaratu da, 04:42:02ko denborarekin. Garaipenak bera ere ezustean harrapatu du, eta erabat hunkituta iritsi da. Gainerakoan, sailkapena mantendu egin da: Corachanek bigarren postuarekin konformatu behar izan du, iaz bezala, eta hirugarren postua Castrorentzta izan da. Alberdik, berriz, laugarren bukatu du.
Zarauztarren artean, Yepa taldeko kide Jon Unanue eta Zarauzko Triatloi Elkarteko Josune Zabala izan dira helmuga zeharkatzen lehenak; Unanuek zortzigarren postuan bukatu du lasterketa.
SAILKAPENAK
Gizonezkoak
1.- Cesc Godoy 04:02:28
2.- Gustavo Rodriguez 04:05:12
3.- Miguel Angel Fidalgo 04:14:16
Emakumezkoak
1.- Joselyne Brea 04:42:02
2.- Judith Corachan 04:43:35
3.- Saleta Castro 04:47:17