Postontziak jarriko dituzte Turismo Plan Estrategikorako ekarpenak jasotzeko

Zarauzko Hitza 2017ko ekainaren 9a

Kiroldegi parean, HAZen eta Sanz Enea atarian jarriko dituzte postontziak, hilaren 12tik aurrera.

Udal Gobernua turismoko plan estrategiko berria lantzen hasi da Gura Markert In enpresarekin, herrian zer motatako turismoa sustatu eta erakarri nahi den zehazteko. Horretarako, parte hartze prozesua abiatu zuen astelehenea, herritarren iritzia jasotzeko. Hiru aukera daude horretarako: batetik, hilaren 12an eta 19an, turismo bulegoko arreta gunera joatea, 15:30etik 19:00etara; bestetik, Zarauzko Udalaren webgunean eskuragarri dagoen galdetegia erantzutea, eta azkenik, astelehenetik aurrera jarriko dituzte postontzietan uztea proposamenak.

Kiroldegi parean, HAZen eta Sanz Enea atarian jarriko dituzte postontziak, hilaren 12tik aurrera. "Arreta gunean ekarpenak jasotzeaz gain, jarritako ordutegietan lanean daudenei aukera eskaintzeko helburuarekin, postontzi hauek jarri ditugu udal eraikin ezagunenetan, edozein momentutan herritarrek zein sektoreko profesionalek euren ikuspuntua emateko aukera izan dezaten", nabarmendu du Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak. "Azken finean, gure helburua herritarren iritzia jasotzea da, plan estrategikoa osatzeko garaian zein norabidetan lan egin behar dugun jakiteko".

Ekainaren 23ra arte dago aukera iradokizunak egiteko aipatu hiru bideetatik.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide