Udalak bat egin du 'Beharra daukat!' kanpainarekin

Zarauzko Hitza 2017ko ekainaren 10a

ACCUko zein udaleko ordezkariak, 'Beharra daukat!' kanpainaren aurkezpenean. (Zarauzko Udala)

Kanpainaren helburua da beharra duten gaixoei hurbil duten komun batera "azkar eta doan" joateko aukera eskaintzea. Udalaren ondoko eraikinetako komunetan jarriko dute Beharra daukat! bereizgarria: HAZen, Portuetxen, Turismo Bulegoan, kiroldegian, Gizarte Zerbitzuetan, euskaltegian, udal musika eskolan, Sanz Enean, gaztelekuan, Zarautz Lurren, Udaberrin eta komun publikoetan.

Maiatzeko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak udala Beharra daukat! kanpainara atxikitzea. ACCU Gipuzkoako chron eta ultzeradun kolitisa duten gaixoen elkarteak jarri du ekimena martxan, eta horren helburua da beharra duten gaixoei hurbil duten komun batera "azkar eta doan" joateko aukera eskaintzea.

Gipuzkoan 700 lagunek dute hesteetako hanturazko gaixotasuna. "Crohn gaitza edota ultzerdun kolitisa dutenek, ostomizatutakoek, kolektomizatuta daudenek, ondesteko minbizidunek, kolon narritakorra dutenek... Guztiek arazo bera izan ohi dute: komunera joateko beharra sentitu ohi dute bat-batean", jakinarazi du Miren Letamendia Osasuneko zinegotziak. "Beharra daukat! kanpaina komuna presaz erabili behar duten pertsonentzat dago pentsatuta. Egoera honen aurrean, zenbaitek beren bizitza kalitatea gutxietsita dagoela ikusten dute, kalera irtetean eta lagun artean ibiltzen direnean erabilgarria den komun bat gertu ez badago beharra dutenean".

Haren esanetan, ACCUk hori nahi die bermatu proiektuarekin: komun baten premia dutenean, arazorik gabe, gertuen duten komuna erabili ahal izatea, gaixotasuna dutela egiaztatzen duen agiria erakutsiz. Era berean, hesteetako hanturazko gaixotasuna ezagutarazi eta horren inguruan jendea kontzientziatzea du helburu.

Ekimenean parte hartuko duten saltokien zerrenda osatzen ari da elkartea, eta udala zerrenda horri atxiki zaio. "Ez da azpiegitura eta inbertsio handiak behar dituen proiektua". Udalak ekimeneko helburuekin bat egiten duela dio Letamendiak, eta kolektibo horri herrian "ahalik eta erraztasun gehien" eskaini nahi dizkiola, haien bizi kalitatea hobetzen lagunduz.

Udal eraikin publikoetan

Modu horretan, udalaren ondoko eraikinetako komunetan jarriko dute Beharra daukat! bereizgarria: HAZen, Portuetxen, Turismo Bulegoan, kiroldegian, Gizarte Zerbitzuetan, euskaltegian, udal musika eskolan, Sanz Enean, gaztelekuan, Zarautz Lurren, Udaberrin eta komun publikoetan. Era berean, udalak merkatari eta ostalariekin hitz egiteko konpromisoa hartu du, atxikimenduak lortze aldera.

Jone Argoitia ACCU elkarteko Gipuzkoako lehendakariak eman ditu txartela lortu ahal izateko eta hori erabiltzeko xehetasunak. Bereizgarria kanpainako webgunearen bidez eskura daiteke. Bertan aurki daitekeen inprimakia jaitsi eta medikuari eman behar zaio, berme gisa, bete eta sinatu dezan. Dokumentu hori elkartera eraman eta txartela eskura emango diote gaixoari trukean. Bereizgarria duten establezimenduetako komunak erabiltzeko aukera izango du txartela erakutsiz gero. Horrez gain, aplikazio bat ere sortu dute. Horren bidez, kanpainara atxikita dauden komunen mapa ikus daiteke.

Argoitiak zehaztu du kanpaina martxan jarri zutenetik 300 atxikimendu lortu eta 70 txartel eman dituela elkarteak. Zehaztu du proiketua ez dela soilik hesteetako hanturazko gaixoei soilik mugatzen; inkontinentzia duten pertsonek ere eska dezakete txartela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide