"Inoiz pentsatu al duzu itsasoa bizitza bezalakoa dela? Eraman egiten zaitu... Baina benetan sentitu nahi baduzu, busti beharra dago". Angel J. Sanchezek hitzak dira horiek, Photomuseumen bihar zabalduko duen Itsasoa, bizitza bezala. Olatuak apurtzen diren tokian argazki erakusketa azaltzeko. Haren esanetan, argazki horiek itsasoari buruzkoak dira, "baina, agian, batzuek deskubrituko duzue gutako bakoitzari buruzkoak ere badirela. Izan ere, azkenean, garrantzitsuena ez da ikusten duzuna, sentitzen duzuna baizik".
Olatu bakoitza desberdina dela dio, bakoitzak bere lorratza uzten duela eta bere patu "zalantzagarria" daukala, "gure bizitza markatzen duten gertakariek bezala": "Batzuek arpegian egiten diztue eztanda, asko badoaz edota, besterik gabe, zipristintzen zaituzte. Hemen zaude, olatuak apurtzen diren tokian esanez bezala".
10:00etatik aurrera egongo da ikusgai argazki bilduma, uztailaren 2ra bitartean. Asteartetik igandera zabaltzen dute museoa, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.