Gaur Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da, eta hori ospatzeko ekimen berezi baten berri eman du Gloria Vazquez Ingurumeneko eta Agenda 21eko zinegotziak. Hain zuzen ere, Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundeari 2.000 euroko txekea eman dio, Indian garatzen dituen proiektuak laguntzeko. Vazquezek gogoratu du iaz jarri zutela martxan herriko aztarna ekologikoari buruzko aztarnaekologikoa.eus webgunea, ingurumena zaindu eta sentsibilizazioa lantzeko helburuarekin. Atari horretako inkesta erantzun duten ikasle bakoitzeko euro bat jarri du udalak, 2.000 euro biltzeraino. Garapen bidean dagoen herrialde bati laguntzera bideratuko du diru kopuru hori, zehazki, Indiako Kerala estatuan, Trivandrum kostan, Calcuta Ondoanek duen proiektua babesteko.
Erakundeko ordezkari Edurne Gallok azaldu duenez, Calcuta Ondoanek emakumeen ahalduntzea eta iraunkortasuna bultzatzea ditu helburu. Udalak babestutako proiektuarekin, zehazki, India hegoaldeko emakume arrain saltzaileak lagunduko dituzte. "Emakume horiek datil-ak edo ukiezinak dira, kasta baxukoak nahiz oso pobreak, eta emakume soilak izateagatik diskriminazio zein zapalkuntza egoera larrian bizi dira".
Haren arabera, emakumeok itsasora joaten dira arrantzaileei arraina hartu eta gero merkatuan saltzeko. Hainbat arazo izaten dituzte, besteak beste, baldintza prekarioetan egiten dute lan merkatuan, autobusetan ez diete sartzen uzten eta negoziatzerakoan ere zailtasun ugari izaten dute emakumeak direlako.
Komunak eta bio gas instalazioak
Hori dela eta, ahalduntze prozesuak jarri ditu martxan Calcuta Ondoanek, autolaguntza taldeen bidez. Hala, hainbat tailer egiten dituzte, emakume horien eskubideen aldeko lanketa egiteko. Zentzu horretan, besteak beste, merkatuan zein haien etxeetan komunak jartzeko eskatu izan dute. "Horrekin, behar-beharrezkoak diren hiru ildo bermatzen dira: familien oinarrizko beharrak asetzea, ingurumena zaintzea eta emakumeek segurtasuna zein babesa izatea komunera joan behar dutenean", nabarmendu du Gallok. Jakinarazi duenez, "milaka emakume erasotuak eta bortxatuak izaten dira gauean euren oinarrizko beharrak egitera soro eta zelaietara joan behar dutenean". Proiektuak 88 familientzako komunak eraikitzea proposatzen du, eta dagoeneko 30 komun jarri dira etxe nahiz merkatuetan.
Era berean, eskualde horretan industria handien lan-egiteko moduak medio eta sentsibilizazio tresnen faltagatik, ingurumena "oso kaltetua" izaten ari da, Calcuta Ondoaneko ordezkariaren esanetan. Horregatik, hondakinen erabileraren inguruko sentsibilizazio programa bat abiatu du gobernuz kanpoko erakundeak: familientzako bio-gas instalazio txikiak eraiki dituzte. Modu horretan, petroleozko sukaldeak ordezkatu dituzte, eta horrek ingurumenerako nahiz familien osasunarako onurak ekarri ditu.
Horrekin lotuta, 1.500 fruta-arbolatik gora landatzea, familia bakoitzarentzat baratze biologikoak atontzea eta egokitutako konpost sistemak ekartzea ere lortu dute. "Modu horretan, ingurumenarekiko inpaktua murriztu eta desnutrizio tasa jaistea ari dira lortzen", dio Gallok.
Calcuta Ondoanek tokiko elkarteekin jarduten du lankidetzan, kasu honetan, Trivandrum Social Service Society gobernuz kanpoko erakundearekin, Sakhi erakunde feministarekin eta Center for Environment and Development erakunde ekologistarekin. Eskerrak eman dizkio udalari nahiz ikastetxeei, "begiak eta bihotzak kanpora begira jartzeagatik". Gauza bera egin du Vazquezek; eskerrak eman dizkie ikastetxeei, prozesuan izan duten paper garrantzitsuarengatik.