Salbideko parke estalia zabaldu dute

Zarauzko hitza 2017ko ekainaren 3a

Salbide auzoko parke estali berria. (Aiora LarraƱaga)

Olana handiak olatu forma eta koloretako borobilak ditu. Parkeko lurra urdin koloreko gomarekin estali dute, haurrak lurrera erortzen badira mina hartu ez dezaten.

Zarauzko Udalak zabaldu du Salbide auzoan Igerain-Gaineko parke estalia. Santiago Peñalba Gabrmendia, Iñigo Pañalba Arribas eta Aritz Diez Oronoz arkitektuek diseinatu dute, eta Altua y Uria  enpresak egin du. Denera 322.671,17 euroko kostua izan du, BEZ barne, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailak 36.600 euroko diru laguntza eman dio udalari parke estalia egiteko.

Zarauzko alkate Xabier Txurrukaren esanetan, "euria egiten duen egunetan etxeko txikiak beren kasara jolasean ibiltzeko gune estalien gabezia dago herrian", horregatik, Udal Gonernuaren gidaritza hartu zuenean arazo horri irtenbidea emateko konpromisoa hartu zuen Zarauzko alkateak. "Aspalditik dator haur parkea estaltzeko proiektua. Zarauztarrek sarritan egindako eskaera da eta bere egunea, Udalbatzako talde politiko guztien babesa eta adostasuna izan zuen", adierazi du Zarauzko alkateak. Dena dela, "zoritxarrez" aurreko agintaldian proiektua ez zela egin nabarmendu du. Ildo horrretan, parke estaliak aurreko agintaldiko proiektuarekin alderatuz hainbat "hobekuntza" dituela azaldu du Txurrukak. Alde batetik, iparraldean itxitura bat du, hori gabe euria egiten duen egun askotan parkea ezingo litzatekeelako erabili. "Horrelako estalki batek  ipark ekialdean babes osagarri bat behar duela ulertzen dugu, hori baita euriaren astindua gehien jasaten duena. Oso gustura gaude emaitzarekin".

Txurrukak adierazi duenez, gune publiko estalien beharra "auzo lagun, auzo elkarte eta bestelako eragileekin izandako elkarrizketetan, bileretan eta topaketetan aipatu da. Gaur Salbideko haur parke estalia aurkeztu dugu, baina gobernutik antzeko proiektuetan lanean jarraitzen dugu"; errugbi zelaiko harmailako txapelaren lanak ekainaren amaieran hasiko dituzte, eta agintaldian zehar  Aritzbatalde Kiroldegi kanpoko zelaia estaltzeko asmoa ere badu Zarauzko Udal Gobernuak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide