Ikuskizunak jarrai dezala

Aritz Mutiozabal 2017ko maiatzaren 31

Rockumentaleko lagunak Joseph Arthur, Mike Mills, Joseba Irazoki eta Rubiorekin. (J.A. Areta Goñi)

I Love Rock elkarteak hamargarren urtez antolatu du Rockumentalak! zikloa. Ostiral honetan abiatuko dute, eta ekainaren 23a bitartean bost saio eskainiko dituzte, Modelo aretoa topagune bihurtuta.

"Dagoen lana aurrera ateratzearekin na­hikoa genuen garai hartan, eta ez genuen pentsatu ere egiten hamar urte beteko genituenik. Baina igarri dugu Rockumentalak! zikloak zentzu guztietan hartu duen dimentsioa2. Urteurren biribilaren aurrean I Love Rock elkarteko antolatzaileek duten sentipena argia da, eta halaxe adierazi du Iñigo Artetxek. "Hasieran bi lagunen arten prestatu eta aurkeztu genuen proiektua, Javi Ibargurenen eta bion artean, eta gaur egun bost lagun gara, hainbat kolaboratzailerekin batera". Lantaldea handitzeaz gain, aurrekontua ere hirukoiztu egin dute. "Udalaren laguntza ia-ia hasierako berdina da, eta gainerakoa osatzen dugu kanpoko finantzaketarekin –babesleen ekarpenarekin, alegia-, sarrerarekin eta edarietatik ateratzen dugunarekin".

Rockumentaletarako ikusmina sorraraztea lortu dute, urteko hitzordu klasiko bat bihurtzeraino. «Hori hasieratik jarri genuen hazia izan zen, eta urteak pasatu ahala dokumentalekin eta zuzeneko emanaldiekin publiko fidela lortu dugu», nabarmendu du Artetxek: «Publikoaren gehiengo bat zer programatu dugun jakin gabe etortzen da. Publiko fidel bat lortu dugu, gure markan sinesten duena, eta itsuan etortzen da. Eta, jakina, gozatu egiten du eskaintzen dugunarekin».

Ezinbestez galdetu beharrekoa naturaltasun osoz atera da: «Zergatik heldu genion egitasmo honi?». Bi arrazoi nagusi hartu zituzten kontuan. «Alde batetik, gu dokumental musikal zehatz baten maitaleak gara: The Band talde mitikoaren azken kontzertua jasotzen duen The last waltz filmarena, Martin Scorsesek filmatutakoa. Esan genezake dagoen rockumentalik handiena dela. Hortik abiatuta, forma ematen hasi ginen zikloari». Bestetik, nabaritu zuten musika kultura «ezabatu» egin dela gizartetik, dela kaletik dela hedabideetatik. «Beraz, gure gaitasunen barruan, musika kultura hori erakusten saiatu ginen». Eta publikoak eskertu egin du apustu hori.

Formatuarekin ere asmatu dute, buelta eta aldaketa asko eman ondoren. Gaur egun, dokumentalen emanaldia eta ondorengo kontzertua Modelo aretoan bertan egiten dute. Aurkezpenak ere hasieratik mimatu dituzten osagarriak izan dira. «Beti saiatzen gara emango dugun filmak islatzen duen mugimenduarekin edo gaiarekin zerikusia duen norbait ekartzen, dela Euskal Herrikoa dela Espainiako Estatukoa. Egia esan, asko zaindutako eskaintza bat egiten ahalegindu gara, bai dokumentalen aukeraketa egiterakoan, baita aurkezleena eta musikariena egiterakoan ere».

«Jauzi kualitatiboa»

Arrakastaren gakoa talde lana izan dela dio antolatzaileak, eta, nola ez, urteetako ibilbidearen ondorioa. «Zikloak jauzi kualitatibo handia eman du duela hiru urtetatik hona, eta nolabaiteko profesionaltasun irudia areagotu du». Azken urteetan antolatu dituzten kontzertuak horren erakusleiho dira. Joseph Arthur eta Mike Mills izan ziren duela hiru urte, eta iaz atariko kontzertu bat antolatu zuten, Mark Lannegan gonbidatuz. Zikloaren barruan kontzertu nagusi bat egiten dute beti, eta oraingo honetan Erresuma Batuko Toy taldea ariko da zuzenean, ekainaren 9an; haiekin batera, Bilboko Vulk taldeak joko du.

Baina 10. urtemugaren aitzakiarekin «festa bat» egitea pentsatu zuten, eta martxoan The Sadies taldearen kontzertua antolatu zuten; 2013an izan ziren zikloan, eta aurten berriro jo dute. Orain, ohiko ekitaldiari helduko diote, eta hilaren 2tik 23ra bost hitzordu antolatu dituzte. Horrez gain, Rockumentalen 10 urteko ibilia jasotzen duen argazki erakusketa jarriko dute Modelon.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide