Hunkituta jaso du omenaldia Haimar Zubeldiak

Zarauzko Hitza 2017ko maiatzaren 28a

Haimar Zubeldia, omenaldiaren amaieran.

Markel Irizar taldekide eta lagunak agurra dantzatu dio ekitaldi hasieran, txapela jaso du udalaren eskutik eta koadroa ZZEren izenean. "Hitzik gabe" zegoela aitortu du Zarauzko bizilagunak.

Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatuta, 600 bat lagunek hartu dute parte Zarautz-Zarautz Klasikoan. Baita Haimar Zubeldiak berak ere. 14:00ak aldera hasi da hura omentzeko ekitaldia, Lege Zaharren enparantzan. Txirrindulari gisa 20 urteko ibilbide profesionala aitortu diote Zarauzko bizilagunari, eta haren gizatasuna ere goraipatu dute, besteak beste, Aspanogi elkartearen aldeko Mobibike Eguna antolatzeagatik, Markel Irizarrekin batera.

Hain zuzen ere, Irizar bera izan da omenaldi ekitaldia zabaldu duena. Sorpresa modura, agurra dantzatu dio lagunari. Ondoren, Zarauzko Udala ordezkatuz, Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak txapela eman dio eta, ZZEren izenean, Iñigo Ormazabalen koadroa jaso du. "Hitzik gabe" zegoela aitortu du Zubeldiak: "Profesional mailan ezagutu dudan jendea, egunerokotasunean nire ondoan dagoena, hurbildu den jende guztia... Ikustea sorpresa izan da niretzat. Gaur ez daukat hitzik, bakarrik eskerrak guztioi". Nabarmendu  du kirol bizitza bukatuko dela, baina berak modu berean jarraituko duela: "Oraindik ere urte pila bat ditugu aurretik".

Ekitaldiari amaiera emateko, familia argazkia atera du bere senitartekoekin, udal ordezkariekin zein txirrindulari munduko pertsonaiekin, besteak beste, Abraham Olano, Marino Lejarreta, Joseba Zubeldia, Roberto Laiseka eta Joseba Belokirekin.

 

 

Erlazionatuak

Gizatasunari aitortza klasikoan

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2017 mai 25 Kirola

Bideoa: Haimar Zubeldiari omenaldia

Zarauzko Hitza 2017 mai 28 Kirola

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide