Autobus zerbitzuaren 3. linea berria beste bien osagarria izango da, eta herriaren kanpoaldeko zonaldeak—Abendaño, Talaimendi eta Asti— lotuko ditu. Era berean, ikastetxe guztietatik igaroko da, eta beste garraiobide publikoen ordutegiekin bat egingo du. Dagoeneko markesina berriak ari dira atontzen, ekainaren 5erako martxan egon dadin linea berria. Osteguneko udalbatzarrean aho batez onartu zuten 3. linea martxan jartzea.
"Garraio publikoak 40 urte inguru damaratza martxan Zarautzen. Pixkanaka-pixkanaka aldatzen joan da, apurka hazten eta herritarren behar ezberdinetara egokitzen". Mugikortasun zinegotzi Maite Garrastazuk gogoratu duenez, 2013an esleipen berri bat egin ondoren, aldatu egin zen herri bus zerbitzua: bi linea ezarri ziren. "Bi autobusek ibilbide bera egiten dute egun, baina aurkako norantzan, euren artean gurutzatuz eta zerbitzu zabalagoa eskainiz".
Herriko biztanleria urtetik urtera areagotuz doala dio, eta horrenbestez, espazioan ere nabarmentzen dela. "Zarauzko inguruetan eraikitako urbanizazio eta instalazio berriek udalerriko puntu ezberdinen arteko distantziak areagotzen dituzte, eta geroz eta handiagoak dira", adierazi du. "Mugikortasun behar handiagoak dituen biztanleria geroz eta autonomoago baten aurrean gaude, eta Mugikortasun sailetik egun Zarauzko herri busak dituen zenbait gabezia asetzeko beharra ikusten dugu". Hori dela eta, 3. lineak herriko puntu guztiak lotuko dituela nabarmendu du, "herritarren beharrak asetuz”.
Ordutegi eta ibilbide zabalak
“Berrikuntza nagusia Abendañon lana egiten duten erabiltzaileei zerbitzua ematea da", jakinarazi du. Hala, bost geltoki izango ditu industrialdean, enpresa guztietako langileei herri busean mugitzeko aukera emanez. "Gainera, ordutegiak zehazterako garaian, hainbat faktore izan ditugu kontuan, besteak beste, trenaren ordutegia, lan sarrera-irteerak eta eskoletako ordutegiak”.
Astelehenetik ostiralera egongo da martxan zerbitzua, eta neguan nahiz udan ibilbide ezberdinak egingo ditu, erabiltzaileen beharrak ere ezberdinak direlako. Modu horretan, neguan Astira helduko da arratsaldero, eta udan, ohiko ibilbideaz gain, Astira zein Talaimendira ere iritsiko da.
Maria Etxetxikin hasiko du ibilbidea, handik Mitxelena gurutzatuko du tren geltokira heltzeko, eta Azken Portutik igaro ondoren, Abendañora joko du. Industrialdean itzulia eman ondoren, Astira joango da, Araba kaletik igarota. Maria Etxetxikin amaituko du ibilbidea.
Ordutegiari dagokionez, 06:45ean hasiko du zerbitzua eta 21:45ean amaitu, eta orduerdi-ordubeteko maiztasunarekin egingo du itzulia. Sei geltoki berri izango ditu, eta beste seitan 1. eta 2. lineekin egingo du bat. Hala, erabiltzaileek autobus aldaketa egiteko aukera izango dute doan, herriko edozein guneetara heltzeko. Garrastazuk gogoratu du Mugi txartela erabili ahal dela herri bus zerbitzuan.
Erabiltzaile kopurua gora
Garrastazuk linearen kostuaren inguruko xehetasunak eman ditu. Zehazki, linea berria 103.000 euro euro kostako da eta espero da 20.000 euroko diru sarrera izatea: "Egun daukagun zerbitzuak, hau da , bi autobus lineak, 450.000 euroko kostua dute. Diru sarrerak 104.000 eurokoak dira, eta beraz, udalari 345.000 euro kostatzen zaio bi autobus lineak martxan izatea. Hirugarren linea martxan jarrita, udalari 414.000 euro kostatuko zaio herri bus zerbitzua”.
Erabiltzaile kopurua gorantz doala nabarmendu du Mugikortasun zinegotziak: "2013-2014an 180.000 bidaiarik erabili zuten herri busa; 2014-2015ean 194.000k, eta 2015-2016an 222.900 erabiltzailera igo da bidaiari kopurua”. Hirugarren linea honekin 5.000 bidaiari gehiago izatea espero du Garrastazuk.