Laugarren urtez, festetan alkohol gehiegi edatearen kontrako umorezko pegatinen lehiaketa antolatu du udaleko Prebentzio zerbitzuak. Lehiaketaren helburua da "festak daudenean ematen den gehiegizko alkohol kontsumoaz sentsibilizatzea", Prebentzio zinegotzi Miren Letamendiak nabarmendu duenez.
Lanak ordenagailuz eginak izan beharko dute, eta maiatzaren 26a baino lehen aurkeztu daitezke, prebentzioa@zarautz.eus posta elektronikora helarazita (ikus oinarriak).
Bi sari
Urtero bezala, bi sari egongo dira, epaimahairena eta publikoarena. Epaimahaiak emandako saria 300 euroko erosketa txartela izango da, Murkileko dendetan erabiltzeko. Gainera, egatina irabazlea jaietako egitarauan jartzeaz gain, herritarren artean banatuko dute.
Publikoarena, berriz, 150 euroko erosketa txartela; Prebentzio zerbitzuko facebook atarian boto gehien jasotzen dituen irudiarentzat izango da sari hori. Botoak emateko epea ekainaren 6an irekiko dute, 10:00etan, eta ekainaren 13ko 10:00etan itxi. Bozketaren emaitza ekainaren 13an emango dute jakitera atarian bertan.