Pasa den igandean, Urrakiko Igoeran emaitza onak lortu ondoren—Eulen taldeko hiru txirrindulari lehenbiziko 10 postuen artean sailkatu ziren—, zarauztarrek "ilusioz" helduko diote Bidasoako Itzuliari. Taldetik jakinarazi dutenez, denboraldiko helburu nagusia da proba hori, eta aurreratu dute txirrindulariek "prestaketa lan handia" egin dutela horretarako.
Jira-Birako zazpi txirrindularik hartuko dute parte Bidasoako Itzulian: Kike Serratok, Gorka Etxabek, Oier Ibargurenek, Jon Agirrek, Euken Gallegok, Aritz Kortabarriak eta Iñigo Altunak.
Gaur hasiko dute proba, eta maiatzaren 13a, larunbatera arte iraungo du. Hainbat etapa izango ditu, eta horietako bat eskualdetik igaroko da. Zehazki, hirugarrengoa: Orio-Orio etapa. Ostiralean, udalerri horretan hasi eta bukatuko da, eta Zarauztik pasatuko dira txirrindulariak, joanekoan nahiz etorrikoak. 14:38 aldera pasatuko dira Nafarroa kaletik, eta bueltakoan, 17:09-17:12 artean.