Dagoeneko 130 lagunek baino gehiagok eman dute izena bihar Zarauzko Herri Lasterketan parte hartzeko. Parte hartzaileek 8,5 kilometro egin beharko dituzte korrika, udalerri osoari buelta emanez. Korrikalariek askotariko eremutatik igaro beharko dute, beraz: bidegorria, biotopoko pista, malekoia, errepidea...
Musika plazatik abiatuko dira lasterkariak, 11:00etan hasita. Salbide inguratu eta Herrikosoro gurutzatuko dute gero, Astiri itzulia eman eta Gipuzkoa kaletik biotopora helduko dira. Handik malekoi osoa egin ondoren, abiapuntuan, Musika plazan amaituko da proba.
Oraindik ere izena eman ez dutenek badute horretarako aukera, herrikrosa.eus atarian, 10 euro ordainduta. Egunean bertan ere izena emateko aukera izango da Txiki Polit jatetxean, baina 13 euro ordainduta. Lehen hiru sailkatuentzat izango dira sariak, gizonezkoetan zein emakumezkoetan. Era berean, opariak izango dira parte hartzaile guztientzat eta hainbat zozketa ere egingo dituzte.