Herri galdeketa

Heldu da erabakiaren olatua

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 5a, 10:00

Urola Kostan herri galdeketak egingo dituzten herrietako ordezkariak atzo arratsaldean Zumaian bildu ziren. (Gorka Zabaleta)

Igandean estatus politikoaren inguruko herri kontsulta egingo da Urola Kostako zortzi herritan, tartean, Zarautzen.

Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra? galdetuko dute igandean Urola Kostako zortzi herritan egingo dituzten herri galdeketetan, tartean, Zarautzen. Guztira, 16 urtetik gorako 19.523 hautesle daude deituta igandean Zarautzen boza ematera. Iritsi da herritarrek hitza hartzeko garaia, erabakitzeko eskubidea praktikan jarriz olatua sortzeko unea. Horretarako, 5 hautesleku jarriko dituzte igandean, eta horiek 09:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik.

Azpeitiko Hitzarturen lekukoa hartuta, Urola Kosta izan olatu! leloarekin herriz herri galdeketak sustatzeko taldeak sortu zituzten iaz: Zarautzen kasuan, Zarahitz sortu zuten. Abenduan zortzi herritako eragileek   Modelo aretoan elkartu eta igandeko galdeketako galderaren berri eman zuten.

Ondoren, kontsultak egin ahal izateko sinadurak bildu zituzten herriz herri. Zarautzen, 3.153 eskuratu zituzten. Galdeketak egin ahal izateko herritarren atxikimendua lortu ondoren, maiatzaren 7rako eskualdeko arlo desberdinetako eragileen babesa jaso zuten, eta kontsulta antolatzeko lan desberdinetako lantaldeak antolatu dituzte. Astez aste, olatua hazten joan da, eta igandean lehertuko da festa giroan. Horretarako, egun beteko egitarauak osatu dituzte.


Inportantea, parte hartzea

Zarahitzek herritarrak boza ematera deitu eta animatu ditu. Bai ala Ez erantzunaren gainetik, parte hartzeak irabaztea nahi dute. Mikel Elorza abokatua herri galdeketako berme batzordeko kidea da, eta haren iritziz, igandean egingo den galdeketan «bereziki inportantea» da parte hartzea: «Igandeko herri galdeketarekin erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko da, eta, kasu horretan, bereziki inportantea da ahalik eta parte hartze handiena izatea, batez ere baiezko boza emanda; baina baita lanean eta inguruan, mugimenduan, parte hartuz. Horrek plus bat ematen dio galdeketari, eransten dio jendeak gogoa daukala galdeketan parte hartzeko eta erabakitzeko prest daudela herritarrak».

Urola Kostako igandeko herri galdeketek erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua hazten lagunduko duela uste du Elorzak. «Igandeko eskualdeko galdeketek egingo dutena da, beste hainbat eskualdetan eta herritan egin denarekin, eta etorkizunean egin daitezkeenekin, olatua gehitu eta ur gehixeago ekarri. Igandeko herri galdeketen olatuak ekarpen berri bat egingo du, eta horrek guztiak balio izango du ardura politikoak eta tresnak dauzkatenek erabaki dezaten; behintzat, konturatu daitezen jendeak zer nahi duen benetan, jendeak erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera duela eta hori gauzatu nahi duela. Hau izango da batzen joatea, mugimenduari gorputz handi bat ematea».

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide