Literaturia 2017

Azal propiotik norbere islara

Zarauzko Hitza 2017ko mai. 3a, 18:35

Literaturiako Ibai Ferrera eta Ana Galarraga, Petti eta Irati Jimenezekin, aurkezpenean. (Hitzen Uberan)

Ispilua gaitzat hartuta, maiatzaren 25etik 28ra ospatuko dute aurten Literaturia. Norberak bere buruarekin topo egiteko lekua izan nahi du jaialdiak.

Iazko jaialdiko gaia larrua eta leloa Plazer hutsa baziren, aurten ispilua eta Literaturia gure isla aukeratu dituzte, hurrenez hurren. Antolatzaileek adierazi duten moduan, «liburuek bezala, Literaturiako ekitaldiek ere aukera ematen dute norberak bere buruarekin topo egiteko, eta, agian, baita ezagutzen ez zituen alderdiak deskubritzeko ere».

Horretarako, laugarren urtez, literaturaz jantziko da Zarautz. Maiatzaren 25etik 28ra ospatuko dute, zehazki, Literaturia. Gaur goizean egin dute aurtengo jaialdiaren aurkezpena, Donostiako Kaxilda liburu dendan, eta ekitaldia aprobetxatu dute berau iragartzeko bideoa estreinatzeko ere. Hiru Damatxo taldeak sortutako  ikus-entzunezkoak ere leloari egiten dio erreferentzia: Iraia Elias aktore zarauztarra du protagonista, eta isla hori irudikatzen du, herriaren zein Literaturiaren ikuspegi berezia eskainiz.
Era berean, Literaturiak aurten emango duenaren lagin bat eskaini dute aurkezpenean: Irati Jimenez idazleak eta Petti musikariak Nigan, ispilu batean bezala ikuskizunaren aurrerapena eskaini dute.

Urbietaren omenez

Aurten ere, hiru gune izango ditu jaialdiak. Batetik, Modelon egingo dituzte askotariko emanaldiak, tartean, estreinaldi ugari. Besteak beste, Jimenez zein Pettirena; Donostiako Iban Zaldua nahiz Azpeitiko Miren Gorrotxategi idazleen arteko Literatura, ispilua ala leiho? solasaldia; eta Literaturia itxiko duen Sakaponetara, memoriaren ispiluarekin ekitaldi berezia. Eskualdeko hainbatek hartuko dute parte azken saioan: Zarauzko bizilagun Amagoia Gurrutxaga kazetari matxinbentarra, Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarra eta Iraia Elias bera.

Bestetik, Garoa liburu dendan izango dira liburu aurkezpenak, egileen eta hainbat elkarrizketatzaileren eskutik. Hirugarren gunea Musika plazan egongo da, hain zuzen ere, kioskoaren bueltan. Berritasun bezala, bertan atonduko dute Jon Braunen tipia, pasa den irailean zendu zen Imanol Urbieta musikari eta irakasle zarauztarraren omenez. Haur eta gaztetxoen gunea izango da hori, eta askotariko saioak izango dituzte bertan, ipuin kontaketak, poesia tailerra eta Zarauzko irakurketa klubeko gazteen antzezlana, kasu. Era berean, Musika plazan bertan, liburu azoka egingo dute maiatzaren 27an eta 28an. Euskal argitaletxe nagusiek euren liburuak eskainiko dituzte, eta liburu autoeditatuentzat ere izango da tokia.

Halaber, bi erakusketa ikusi ahalko dira Literaturiak irauten duen bitartean: batetik, Txillardegi, modernitatearen isla Modelon, eta bestetik, Txillardegiren lan mahaia, Garoan. Lehenbizikoan, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren argazki zein liburuen azalen bitartez, idazlearen modernitatea literaturan nola islatu zen deskubrituko du ikusleak. Bigarrengoa, Garoakoa, lehenbizikoaren osagarri gisa atonduko dute. 

Erlazionatuak

Literaturiako egitaraua

Zarauzko Hitza 2017 mai 03 Zarautz

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide