Jokin Eizmendi bigarren Adunako XI. Gorostidi Harria Txapelketan

Zarauzko Hitza 2017ko maiatzaren 3a

Jokin Eizmendi, artxiboko argazki batean.

Aimar Galarraga nagusitu zen txapelketan, minutu bat eta 47 segundotan bost harri desberdin bina alditan jasotzeagatik. Eizmendik 3 minutu eta 6 segundo behar izan zituen.

Igandean jokatu zuten Adunako pilotalekuan XI. Gorostidi Harria Txapelketa, eta Aimar Irigoienek jantzi zuen txapela. Errezildarrak minutu bat eta 47 segundo behar izan zituen lanak egiteko. Gainerako txapelketa gehienetan ez bezala, Gorostidi Harria Txapelketan harri jasotzaileen abiadura hartzen da kontuan. Hau da, bost harri desberdin bina alditan azkarren altxatzen dituenarentzat izaten da txapela.

Igandeko proban 175 kiloko, 150 kiloko eta 160 kiloko zilindro zahar bana, 155 kiloko errektangular zaharra eta molde irregularreko 139 kiloko Erreka Harria jaso behar izan zituzten. Jokin Eizmendi zarauztarrak, berriz, 3 minutu eta 6 segundo behar izan zituen lanak egiteko. Hala, bigarren sailkatu zen. Hirugarren Aimar Galarraga oriotarrak egin zuen, 4:05 denborarekin; laugarren Orion bizi den Joseba Ostolaza zestoarrak,  4:07 denborarekin; Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarrak bosgarren, 04:31 denborarekin; Jexuxmari Iruretagoiena Izeta III.a aiarrak seigarren, 04:33 denborarekin; zazpigarren Iban Ugartemendia hernialdearrak, 05:26 denborarekin, eta Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarrak zortzigarren, 05:48 denborarekin.

Txapelketaren bukaeran, parte-hartzaileetako inor ez zen ausartu 185 kiloko zilindro zaharra esku bakarrarekin altxatzera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide