1936ko gerran desagertutakoen DNA bankua osatzen laguntzeko eskatu diete herritarrei

Zarauzko Hitza 2017ko maiatzaren 2a

Haur milizianoak, Munoan desfilatzen. (Renoko unibertsitatea)

Gogora institutuak gerra horretan Euskadin desagertutakoen senitartekoen lagina bildu nahi ditu.

Proiektu horren helburua da 1936ko gerran senitartekoren bat galdu zutenen testigantza ematen duten senitartekoan DNA laginak biltzea, gerora, hobitik atera dituzten eta aterako dituzten gorpuen DNArekin alderatzeko.

DNA bankua zabaltzeko prozesuak bi pauso ditu. Batetik, 1936ko gerran galdutako senitartekoren bat dutenek testigantza ematea. Horretarako, desagertuaren eta DNA lagina ematen duenaren arteko ahaidetasuna frogatzen duen dokumenturen bat aurkeztu beharko da: familia liburua, jaiotza agiria edota bestelako dokumentu ofizialen bat. Gogora institutura bidali beharko dira dokumentuak, horrek interesduna EHUko Biomic taldearekin harremanetan jar dezan.

Bestetik, desagertutakoaren seme-alabei, anai-arrebei, aitaren aldeko gizonezko ilobei nahiz bilobei DNA laginak hartzea. Biomiceko kideak arduratuko dira pertsona horien laginak jasotzeaz; mugikortasun arazoak dituztenen etxeetara joango dira eta gainontzekoenak Gogorako edota EHUko laborategietan jasoko dituzte.

Laginak zein lagina eman dutenen pertsonen datuak behar bezala dokumentatuko dituzte, eta Biomic laborategian gorde. Informazio horren guztiaren datu basea Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan jasoko eta koordinatuko dute. Lagina eman dutenen eta hobian aurkitutako gorpuren baten DNAk bat egiten badu, interesatuari jakinaraziko dio Gogorak.

Parte hartzera animatu

DNA eman nahi dutenek institutu horrekin jarri beharko dute harremanetan, 944-032846 telefonora deituta edota gogora.idazkaritza2@euskadi.eus helbidera idatzita. Jesus Arana Zarauzko Bizikidetza zinegotzi eta batzorde buruak herritarrak laginak ematera animatu ditu, "gertatutakoaren memoria landu eta hainbat gertakari argitzeko". "Hau guztia posible izan dadin, ezinbestekoa da ahal duen guztiak ekimen honetan parte hartzea"

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide