Bosgarren urtez, Zarauzko Udaleko Kultura sailak Daniel Txopitea arte sorkuntzarako beka emango du. Beka eskuratzen dutenek proiektu artistiko bat aldi jakin batean garatzeko aukera izango dute. Askotariko diziplinetako proiektuak onartuko dituzte: marrazketa, pintura, eskultura, argazkigintza, zinema, bideoa, diseinu grafikoa, moda diseinua, artisautza, dantza, musika edota antzerkiarekin lotutakoak. Horretarako 3.000 euro jasoko ditu irabazleak eta gutxienez hiru hilabeteko epea izango du egitasmoa burutzeko.
Epaimahaiak ondoko irizpideak izango ditu kontuan lan bakoitza baloratzerakoan: aurkeztuko proiektuaren interesgarritasuna, kalitatea eta originaltasuna; proiektu berean gai desberdinak biltzea eta ekarpena egitea Zarauzko ikus-arteei; euskararen erabilera lehenestea zein genero berdintasunaren alorrean, eragin positiboa duten gaiak edota irudiak erabiltzea. Horrekin batera, nahitaezkoak ez diren arren, kontuan izango da eskatzailearen adina—18-30 urte bitartean izateari lehentasuna emango diote— eta Zarautzen erroldatuta egotea—gutxienez hiru hilabetez—.
Ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da beka eskatzeko: eskaera orri ofiziala; eskatzailearen Curriculum Vitae dokumentatua; diru-laguntza eskatzen den proiektuaren gaineko azalpen txosten zehatza zein aurrekontua; eskatzaileak burututako obrarik berriena jasotzen duen argazki-dossierra; NANa; ziurtagiriak eta zinpeko aitorpena, besteak beste. Interesa dutenek Kultura sailean eskuratu ditzakete beharrezko inprimakiak. Ekainaren 30a bitartean egin daitezke eskaerak, Kultura sailean (Sanz Enea kultur etxean)