Nafarroa Garaira bidaiatuko dute mendizaleek larunbatean. Jurramendira heltzea izango dute helburu. Kristo Gurutzatuaren kapera gaineko tontorrera iritsiko dira lehenbizi: San Zipriano baseliza (1.043 metro) dagoen lekura. Bide beretik atzera egin, eta bidezidorra jarraituz, Mendixuri (1.048 metro) gaindituko dute ondoren. Handik, Lizarrako merindadea, Lokizko harresia, Urbasako goi lautada, Kodes mendiak, Deioko gazteluaren hondarrak ikusiko dituzte, besteak beste. Eguneko hirugarren tontorra (1.044 metro) mendebaldera izango dute. Antena erraldoi bat du, eta ondoan, erpin geodesikoa.
Iratxe monasteriotik abiatuko dute ibilaldia, Hoya de la Cal deritzon bidetik gora. Jaitsi, berriz, gurutze bidetik jaitsiko dira, Lizarran amaitzeko. Guztira, 11,5 kilometro izango ditu ibilaldiak, lau ordu eta erdi inguruan egiteko modukoa eta aparteko zailtasun gabekoa. Mendizaleak Agoueseneko biribilgune parean elkartuko dira larunbatean, 07:30ean. Ohiko lekuetan eman beharko da izena.