Zortzi talde iritsi dira Ohorezko Mailara igotzeko fasera sailkatzeko kanporaketara; Ohorezko Zilar Mailako lau multzotako lehen bi taldeak, hain zuzen ere. Aiala Zarautzek B multzoko bigarren postuan amaitu du liga, Sporting La Riojaren atzetik, eta C multzoko lehena izan den BM Castellon egokitu zaio kanporaketan. Larunbat honetan neurtuko dituzte indarrak, 19:30etik aurrera, Aritzbatalde kiroldegian, eta hurrengo asteburuan, berriz, aurkariaren etxean.
Urte hasieran zehaztutako helburuak bete dituztela adierazi du Aialako entrenatzaile Martin Larrañagak, eta igoera fasera sailkatzeko bidean gainditzeko moduko aurkaria egokitu zaiela iritzi dio. «Hala ere, gauzak ongi egin beharko ditugu. Gure esku dago erabat». Zarautzen dute bi partidetako lehena, eta «etxean irabazteko gai bagara». Larrañagak dio talde indartsuagoen aurka lehiatu direla urtean zehar, eta «emaitza onak» lortzeaz gain, «itxura ona» eman dutela.
Entrenatzailearen arabera, biharko partida ahalik eta alde handienarekin irabaztea izango da gakoa, bi partidetara edozer gerta daitekeelako. Dena dela, «jakin behar dugu biak irabazten». Denboraldiko portzentajeak kontuan hartuta, gainera, bi partidetara inork ez diela irabazi azpimarratu du Larrañagak, eta kanporaketan ere gauza bera errepikatzea espero dutela. Taldea, behintzat, gogotsu dago.
Kanporaketako beste lau norgehiagokak, berriz, ondorengoak izango dira: Ansa Oviedoren eta Lanzarote Puerto del Carmenen artean; Sporting La Riojaren eta ANTS:BFIT-Muchoticketen artean; eta Adesal Cordobaren eta Balonmano Gijonen artean. Aurrera jarraitzen duten lau taldeek igoera fasea jokatuko dute, eta horren egutegia maiatzaren 8an zehaztuko dute.
Jubenil nesken Espainiako Txapelketa Zarautzen
Maiatzaren 3tik 7a bitartean, jubenil nesken Espainiako Txapelketa jokatuko da Zarautzen. Espainiako Estatuko zortzi talde onenak lehiatuko dira bertan; tartean, Aiala izango da. B multzoan ariko dira etxekoak, Pozuelo de Calatrava, Elx eta San Sebastian de los Reyeseko taldeen aurka; A multzoan, berriz, hauek jokatuko dute: Monvedre, Roquetas de Mar, Sant Quirze del Valles eta Malkaitz.