Pro Zarautz 2017 txapelketak eman duena modu oso positiboan baloratu dute antolatzaileek. Harrera ona izan du eta jendetza bildu da txapelketa jokatu den egun guztietan, eta eguraldi onak horretan lagundu duela dio Pro Zarautz txapelketako zuzendari Oier Illarramendik. Eguraldia lagun izan bazuten ere, txapelketaren lehen egunetan nahiko olatu kaskarrak izan zituztela aitortu du Illarramendik: «Txapelketarako emanda zeuden aurreikuspenak ez ziren iaz izan genituenak bezain onak, baina nahikoa zorte izan dugula esan genezake. Lehen egunetan ez genekien zenbaterainoko olatuak izango genituen, eta lehen hiru egunetan nahiko egoera kaskarra izan bagenuen ere, txapelketa aurrera eraman ahal izan genuen. Gero, larunbatean olatu onak izan genituen, eta igandean zertxobait kaskartu bazen ere, finala jokatzeko nahikoa olatu izan genituen».
Antolakuntza gustura agertu da surflariek eman duten «maila onarekin». Suflari batzuekin hitz egiteko aukera izan duela adierazi du Illarramendik, eta haiek ere txapelketarekin gustura geratu direla azaldu diote. «Asko gustatzen zaie Zarautzera etortzea, batez ere sortzen den giroagatik. Harrituta geratzen dira zenbat jende gerturatzen den, eta zeinen harrera beroa ematen dieten, txalo eginez eta animatuz. Adibidez, Carol Henrique oso hunkituta zegoen sari banaketa ekitaldian».
Lehen egunetan olatu askorik ez zituztela izan gogora ekarri du txapelketako zuzendariak, «baina Zarautzen lehiatu ziren hainbat surflari Caparicako txapelketatik zetozen, eta han are olatu txikiagoak izan zituzten. Alde horretatik, motibatuago zeuden. Gero, asteburura begira, egoerak hobetzera egin zuen, eta, oro har, pozik geratu dira».
«Errepikatzeko gogoz»
Kirol arloari dagokionez, txapelketa «oso ongi» atera dela nabarmendu du Illarramendik, eta «beharbada jaialdia zailagoa izan da kontrolatzea, jende asko ibili delako, baina harrera ona izan dugu». Hainbat ekintza ere antolatu dituzte, eta emaitzarekin «oso gustura» daude. «Datorren urtean errepikatzeko gogoarekin geratu gara». Illarramendik uste du txapelketari jarraipena emango diotela. «Erakunde publikoak eta babesleak gustura geratu dira, eta nik uste dut datorren urtean ere berriro heltzeko aukera izango dugula».