Castellon izango du aurkari Aialak, igoera fasera sailkatzeko kanporaketan

Zarauzko Hitza 2017ko apirilaren 24a

Aiala Zarautz eta Garlan taldeen arteko partida (Luis Epelde).

Asteburu honetan Aritzbatalde kiroldegian neurtuko dituzte indarrak, eta hurrengo asteburuan, maiatzaren 6-7an, aurkariaren etxean.

Zortzi talde iritsi dira Ohorezko Mailara igotzeko fasera sailkatzeko kanporaketara; Ohorezko Zilar Mailako lau multzotako lehen bi taldeak, hain zuzen ere. Aiala Zarautzek B multzoko bigarren postuan amaitu du liga, Sporting La Riojaren atzetik, eta C multzoko lehena izan den BM Castellon egokitu zaio kanporaketan; Valentziako taldeak 24 partida irabazi ditu, bat berdindu eta bakarra galdu.

Gaur eguerdian, 13:00etan, egin dute kanporaketen zozketa Espainiako Eskubaloi Federazioaren egoitzan. Beste lau norgehiagokak, berriz, ondorengoak izango dira: Ansa Oviedo - Lanzarote Puerto del Carmen; Sporting La Rioja - ANTS:BFIT-Muchoticket; eta Adesal Córdoba - Balonmano Gijón. Kanporaketak bi partidetara jokatuko dira: joanekoa bigarren sailkatuen etxean, asteburu honetan, eta itzulikoa lehen sailkatuen etxean, maiatzaren 6-7ko asteburuan.

Kanporaketa gainditzen duten lau taldeek igoera fasea jokatuko dute, eta horren egutegia maiatzaren 8an zehaztuko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide