Pro Zarautz 2017

Aritz Aranburuk eta Imanol Yeregik ez dute final laurdenak jokatzeko txartela lortu

Zarauzko hitza 2017ko api. 22a, 18:39

Aritz Aranburu zaleekin argazkia ateratzen Pro Zarautz gunean. (Pro Zarautz - Poullenot/ WSL)

Pro Zarautz txapelketako final laurdenetan ez da surflari euskaldundik izango, Aritz Aranburu, Imanol Yeregi, Andy Criere eta Ruben Vitoria txapelketatik kanpo geratu baitira.

Pro Zarautz txapelketako laugarren jardunaldiari amaiera eman diote 18:00etan. Egun gazi-gozoa izan da gaurkoa euskal surflarientzat eta surf zaleentzat. Izan ere, eguraldi eta olatu ederrak izan badira ere, txapelketatik kanpo geratu dira euskal surflariak.

Gaur goizean, laugarren txanda jokatu da, baina Ruben Vitoria surflari zarauztarrak eta Andy Criere donostiarrak ez dute lortu final zortzirenak jokatzeko txartela. Vitoria eta Criere saio berean lehiatu dira, eta Marshall eta Toyon izan dituzte aurkari. Marshall eta Toyon sailkatu dira final zortzirenetara.

Final zortzirenetan kalera

Aritz Aranburu zarauztarrak, Imanol Yeregi zumaiarrak eta Nacho Gonzalez plentziarrak arratsaldeko txandarako sailkatzea lortu dute goizean. Nacho Gonzalez lehen saioan lehiatu da, eta Vincent Duvignac, Adrien Toyon eta Eithan Osborn izan ditu aurkari. Dena dela, Gonzalezek saioko puntu kopuru baxuena lortu du eta txapelketatik kanpo geratu da.

Aranburuk eta Yeregik saio berean parte hartu dute arratsaldean, 3. txandan hain zuzen ere. Eskualdeko bi surflariek Vasco Ribeiro eta Titouan Boyer izan dituzte aurkari; bi euskaldunek portugaldarrak eta frantziarrak baino olatu gehiago hartu dituzte, baina azken hauen bi olatu onenen puntuazioa eskualdekoena baino altuagoa izan da, eta final laurdenetara salkatu dira. Dena dela, Yeregi bigarren postutik gertu ibili dela nabarmendu behar da, Boyer bigarren sailkatua baino 0,03 puntu gutxiago lortu baititu bi olatuen batuketan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide