Pro Zarautz 2017

Irudietan: Hurrengo txanda jokatzeko sailkatu da Nadia Erostarbe surflari zarauztarra

Zarauzko hitza 2017ko api. 20a, 17:55

Hasiera batean, emakumeen txapelketan 32 surflarik izena eman bazuten ere, 29k abiatu dute lehia.

Gaur goizean eman diote hasiera emakumezkoen Pro Zarautz txapelketari, eta Nadia Erostarbe zarauztarrak lan bikaina egin du lehen jardunaldian. Europako sailkapenean hirugarren postuan dagoen surflari gaztea hurrengo txandara pasa da.

Hasiera batean, emakumeen txapelketan 32 surflarik izena eman bazuten ere, 29k abiatu dute lehia. Eguraldi haizetsua izan da gaur Zarauzko hondartzan; ipar-ekialdeko haizeak sortutako itsaskia nagusitu da, eta horrek beren abilezia zorroztera behartu ditu surflariak. Dena dela, goizean goiz haize gutxiago izan denez, itsasoaren egoerak lehen orduan uretara sartu diren surflariei puntuazioei dagokionean "mesede egin" diela aitortu dute txapelketako antolatzaileek. Zenbait surflarik 17 puntu baino gehiago eskuratu dituzte beren txandan (20 gehienezko puntuazio izanik), Justin Dupont frantziarrak eta Teresa Bonvalot portugaldarrak esaterako.

Euskal surflarien artean, Nadia Erostarbe zarauztarra eta Garazi Sanchez dira hurrengo txanda jokatzeko txartela lortu duten bakarrak.

Argazkiak: World Surf League

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide