Ertzaintzatik jakinarazi dute Aste Santuko oporretan trafiko operazio berezian parte hartzeaz gain, lapurreten prebentzioa eta segurtasuna areagotuko dituztela turismo guneetan, tartean Zarautzen. Hainbat neurri hartuko dituzte horretarako, besteak beste, zaintza-lanak areagotuko dituzte arriskurik handieneko orduetan eta guneetan; neurri bereziak hartuko dituzte herritarren segurtasuna bermatzeko eta delituak, bereziki lapurretak, eragozteko.
Gomendioak
Opor garaian herritar asko kanpora joango direnez, etxebizitzetan lapurretak saihesteko hainbat gomendio eman ditu Ertzaintzak. Atea beti giltzaz ixteko eskatu dute; pertsianak jasota eta arropa zintzilik uzteko azaldu dute, etxe barruan norbait egongo balitz bezala; eta ezezagunen aurrean oporretara joateko asmoa ez adierazteko.
Kaleko lapurretak saihesteko, jendea pilatzen den lekuetan diru-zorroa poltsiko batean ezkutuan eramateko gomendatu dute; eta poltsa aurrean, ikusteko moduan eta ondo eutsita eramateko. Era berean, nabarmendu dute, diruarekin edo baliozko objektuekin atentziorik ez ematea komenigarria dela. Gainera, "oso kontuz ibili behar da oinezkoen pasabideak zeharkatzerakoan edo garraio publikoetan igo eta jaisterakoan, jende asko dabilenean", zehaztu dute.