Atzo iluntzean ireki zuten Zarauzko Garagardo Azoka. 20:00etarako jendetza bildu zen karpa kanpoan azoka noiz irekiko zain. Dena prest zutela ikusi zutenean ateak ireki zituzten antolatzaileek, eta jendetza sartu zen azokara mahai on bat hartzeko irrikaz.
Azokari hasiera emateko inaugurazio ekitaldia egin zuen Zarauzko Rugby Taldeak, eta Imanol Urbieta omendu zuten. Iaz zendu zen Urbieta, baina Zarauzko Rugby Taldearen egunerokoan oso presente dago, hark konposatu baitzuen taldearen ereserkia. Ekitaldian izan ziren Zarauzko Rugby Taldeko kideak, Zarauzko Udaleko ordezkariak eta Imanol Urbietaren semea Joxean Urbieta. Azken hau igo zen oholtza gainera Rugby taldeak Imanol Urbietari eskainitako oroigarria jasotzera, eta familia guztiaren izenean eskerrak eman zizkion rugby taldeari, aitari egindako omenaldiagatik. "Gora Zarauzko rugbya eta Zarauzko kirola" esanez amaitu zuen Joxean Urbietak.