Kaleko Elkartasun eta Kultur Elkarteak liburu eta disko azoka solidarioa antolatu du apirilaren 16rako eta 17rako, Zarauzko Udalaren lagunarekin. Ekimenarekin baztertze ekonomikoa bizi duten pertsonei lagundu nahi die elkarteak.
Datozen igandean eta astelehenean egingo dute azoka 10:00etatik 20:00etara, Zigordia kalean. Hala ere, eguraldi txarra egingo balu, merkatu plazan egingo dutela jakinarazi dute udaletik. Azoka solidarioan bigarren eskuko liburuak, Cd-ak, DVDak, biniloak eta halako kultur materiala saltzeaz gain, herritarrek etxetik eramaten dituztenak ere jasoko dituztela adierazi dute antolatzaileek, "material horiek berriro erabiltzaile berrien esku jartzeko".
Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak “berrerabiltzearen garrantzia” nabarmendu nahi izan du ekimenaren harira, hondakinen kudeaketan “murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea baitira jarraitu beharreko oinarrizko pausoak”, azaldu dute udaletik. “Liburu egunaren ospakizunak aitzakia ezin hobea izango da herritarrak berrerabiltzearen garrantziaz kontzientziatzeko, baita gizartean baztertuta dauden pertsonei laguntzeko ere”, adierazi dute Ingurumen arduradunek.
Zarauzko Udalak herritarrak azokan parte hartzera, eta erabiltzen ez dituzten liburu, CD eta DVDak bertan uztera animatu ditu.