Pro Zarautz 2017

Kirola eta kultura uztartuko ditu Pro Zarautz surf txapelketak

Zarauzko hitza 2017ko api. 12a, 12:08

Gaur goizean aurkeztu dute Zarauzko hondartzan Pro Zarautz txapelketa. (Aiora LarraƱaga)

Zarauzko alkateak Pro Zarautz txapelketaren olatuan murgiltzera gonbidatu ditu zarauztarrak eta bisitariak.

Datorren asteazkenean hasiera emango diote Pro Zarautz surf txapelketari. Zarauzko Udalak, Gipuzkoako Surf Federazioak eta World Surf League erakundeak antolatu dute ekimena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin; eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukak surf txapelketaren olatuan murgiltzera gonbidatu ditu zarauztarrak eta bisitariak, "ekitaldiz josia baitator aurten Pro Zarautz txapelketa".

Txapelketaren xehetasunak

Apirilaren 19tik 23ra bitartean jokatuko da, eta hainbat berrikuntza izango ditu. Alde batetik, aurten iaz baino maila altuagoa izango du, QS/1.500 kategoria izango baitu. Bestalde, aurten surf txapelketan parekidetasuna bermatu dute antolatzaileek, eta emakume zein gizonen kategorian podiumeko sarien kopurua berdindu egin dute. Guztira 40.000 dolar banatuko dituzte saritan.

Gaur arte 135 surflarik izena eman dute txapelketan, 103 gizonek eta 32 emakumek. "Horietatik zortzi zarauztarrak izango dira, sei gizon eta bi emakume", tartean dira Haritz Aranburu, Hodei Collazo eta Ainara Aymat. Parte hartzaileen %90a europarra izango dela azaldu du txapelketako zuzendari Oier Illarramendik, eta gainontzekoak Ameriketako Estatu Batuetatik, Australiatik eta Brasildik iritsitako surflariak izango dira, besteak beste.

Antolatzaileek aurkezpenean azaldu dute, itsasoaren eta eguraldiaren aurreikuspenak egiteko goiz dela oraindik, baina oraingoz asteazkenerako hego haizea eta oiatu txikiak iragarrita daudela. "Ostegunerako eta ostiralerako ipar haizea sartuko da, eta bi metro inguruko olatuak izango direla diote iragarpenek, baina eguraldi nahasia espero da. Asteburuan eguraldia hobetu egingo da, eta itsaso polita izatea espero dugu".

World Surf League erakundeko ordezkari Jeremias San Martinek aurkezpenean nabarmendu du, Zarautz Euskal Herriko surfarentzat erreferentea dela, eta euskal surfarentzat garrantzitsua dela Zarauzko nazioarte mailako txapelketa berreskuratu izana. "Zarauzkoa Europa mailako 3. proba puntuagarria izango da, eta Europako surflari garrantzitsuenak Zarautzen bilduko dira apirilaren 19tik aurrera. Une honetan liga pil-pilean da eta punta-puntan dabiltzan surflariek gainontzekoengandik nabarmendu nahi dute sailkapenari begira. Beraz, ikuskizun polita eskainiko digutela uste dugu", azaldu du WSFko ordezkariak. Emakumeen lehian esaterako Ainara Aymat surflari zarauztarra bigarren postuan sailkatuta dago.

Surfa eta kultura uztartuz

Pro Zarautz txapelketaren bidez kirolaren balioak, ingurumenarekiko errespetua eta surfaren kultura sustatu nahi dituztela azaldu du Gipuzkoako Surf Federazioko lehendakari Maialen Saezek. Horretarako egitarau zabala antolatu dute txapelketaren bueltan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo diputatu Maite Cruzadoren iritziz, Pro Zarautz txapelketak ondo islatzen du San Sebastian Region marka turistikoaren filosofia, "Surf txapelketak ingurumen paregabea, kirolaren balioak eta kultura uztartzen ditu, lehia edukiz jantziz". Gainera, ekimenaren bueltan erakunde publikoek eta eragile pribatuek egindako elkarlanaren garrantzia azpimarratu du Cruzadok.

Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Maider Etxebarriaren esanetan Aste Santuko oporraldian Gipuzkoako eta Euskadiko ostatu eskaintzaren %90a betetzea espero dute. "Azken urtetan turismoa handituz joan da Euskal Herrian, eta gure helburua da bisitari horiek gure kostaldeaz eta hondartzez gozatzea. Euskadiren bikaintasuna erakutsiko diegu Zarautz Pro txapelketara gerturatzen diren bisitariei ere".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide