Gure Esku Dagok hainbat ekimen antolatu ditu datozen astetarako

Zarauzko hitza 2017ko apirilaren 11

Zarauztarrak maiatzaren 7ko herri galdeketaren olatuan murgiltzea nahi du Gure Esku Dagok.

Gure Esku Dagok hainbat ekimen antolatu ditu datozen astetarako Zarautzen. Modu horretan herritarrak maiatzaren 7ko herri galdeketaren olatuan murgiltzea, eta zarauztarrek ekimenean parte hartzea lortu nahi dute. "Herri honetan bizi garen pertsona guztion iritziak bildu nahi ditugu, jatorriak jatorri eta iritziak iritzi", azaldu dute Gure Esku Dagotik.

Hurrengo ekitaldiak antolatu dituzte datozen astetarako.

Solasaldiak

- Apirilaren 25ean. LAB-eko idazkari nagusi Ainhoa Etxaiderekin eta ELA-ko kide Joseba Villarrealekin mahai ingurua, 19:30ean Antoniano aretoan. Imanol Murua Uria izango da moderatzailea.

- Maiatzak 4ean.  Gure Esku Dagoko Zelai Nikolasek, CUPeko zinegotzic Lluc Salellasek eta herri galdeketak egin dituzten bi herritako alkateek parte hartuko dute mahai inguruan. Beren esperientzietatik abiatuta, herri galdeketen inguruan ikasitakoa hizpide izango dute. 19:00etan izango da saioa, baina lekua oraindik zehaztu gabe dute antolatzaileek.

Kontzertuak

- Apirilaren 20an. Ane Arrutik eta Jexux Mari Lopetegik kontzertua eskainiko dute Gure Esku Dagoren egoitzan, 20:00etan hasita.

- Apirilaren 29an. Erabaki Fest jaialdia izango da iluntze-gau partean, Munoan eta Munoa azpian. Iluntzean gazteen kontzertuak izango dira Munoan, eta gero Gaba tabernaren eskutik hainbat DJ-k saioak eskainiko dute.

Horrez gain, Gure Esku Dagoko kideek Zarautzen antolatuko diren beste hainbat ekimenetan ere parte hartuko dute, herritarren eta eragileen atxikimendua jasotzeko.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide