Hauek dira mahai gainean jarri zaizkien bi galderak:
1. Nola baloratzen duzu ETAren armagabetzea?
2. Eta orain, zer?
Honako erantzun hauek jaso ditugu orain arte
Imanol Murua Uria (Kazetaria)
1. “ETAren armagabetzea, ikuspuntu historikotik begiratuta mugarri garrantzitsua izateaz gain, dinamika berri baten abiapuntua izan daiteke, bereziki presoen auzia desblokeatze aldera. Armagabetzeak iritsi egin behar zuen, borroka armatua uztearen ondorio logikoa hori zelako eta, gainera, zama bihurtu zelako presoen auzian aurrera egiteko. Armagabetzeak ez du berez ezer ekarriko, baina jokalekua aldatu egin du. Baldintzak hobeak dira orain. Larunbataz geroztik, espetxe politikan mugimendurik ez egiteko aitzakia bat gutxiago dute Madrilek eta Parisek, eta beste espetxe politika baten aldeko adostasuna are gehiago zabaltzeko arrazoi bat gehiago, gainerakoek”.
2. “ETAren desegitea, presoen gerturatzea eta gaixo daudenen askatzea. Horixe gertatzea espero dut etorkizun ez oso urrunean. Batzuen eta besteen adierazpenak irakurrita, badirudi ETA desegitearen beharrari buruz ados daudela eragile guztiak, baita ezker abertzalean ere (hala aitortu ez badute ere, begionez ikusten dutela iradokitzen ari dira). Espero bezala presoen kolektiboak oniritzia ematen badio espetxe legediaren bidez banan banako eskaerak egiteari eta, espero bezala, ETAko kideen eztabaida prozesuaren ondorioa erakundearen desegitea baldin bada, egoera berri horretan Madrilek eta Parisek ere mugimenduak egitea espero dut”.
Joseba Permach (Sortuko kidea)
1.- “Nire ustez oso berri garrantzitsua eta pozgarria da. Gezurra badirudi ere, gure herrian gertatzen ari dena ez da munduan zehar eman diren beste prozesuetan inoiz gertatu: armagabetze prozesu bat burutu nahi izatea eta estatuek eskaintza horri muzin egitea. Iraganean korapilatu nahi gintuzten, baina ETAk egoera desblokeatzen asmatu du, bere erabakiarekin etorkizunari bidea emanez”.
2.- “Herri honek, oraindik ere, bi arazo larri ditu. Batetik, gatazkaren ondorioei behin betiko irtenbide bat bilatzea eta, besteak beste, presoen etxeratzea lortzea. Bestetik, gatazkaren oinarrian dagoen herri honen ukazioari ere aurre egin eta Euskal Herriak hitza berreskuratu beharra dauka. Gure geroaren jabe izateko eskubidea dugu eta gure etorkizuna eraikitzeko ezinbesteko osagaia da. Denok, bakoitzak ahal duen neurrian eta bere burua egokien ikusten duen tokian, lana egiten jarraitu beharko dugu aipatu arazoak, lehenbailehen, konpontzeko. Zer etorriko den baino, zer egin nahi dugun eta zer egingo dugu lehenetsiko nuke”.
Juanjo Alvarez (Abokatua)
1. “Albiste garrantzitsua eta ezinhobea da, ñabardurarik gabe; izan ere, duela bost urte hasitako prozesuaren atzeraezintasuna bermatzen du, eta gizarte zibilak bizikidetzaren lidertza onar dezan ahalbidetzen du. Armak entregatzeak ETA erakunde armatuaren bukaera aurrerantzen du, eta horrek izan behar du desegitearen aurreko pausoa. Dimentsio politikoak, berriz, elkarteen eta alderdi politikoen esku gelditu behar du”.
2. “Erabaki honen garrantzia hirukoitza da. Garrantzia juridikoa du ETA ez delako existituko erakunde armatu gisa, eta erabaki horrek aldatu behar lituzke epaileen irizpideak arau penalak aplikatzerakoan. Zigorrak ezartzerakoan oso erabaki garrantzitsutzat hartu behar lukete, eta, gainera, ahalbidetu behar luke, eta ahalbidetuko du, espetxe politikan urrats garrantzitsuak ematea. Bestalde, dimentsio politikoa du, testuinguru berriak indar politiko guztiak birkokatzera behartuko ditu, eta, gainera, energia bideratu beharko dute bizikidetzan aurrera egiten. Horrez gain, dimentsio soziala du erabakiak. Denok izan behar dugu bakearen eragile gure hurbileko inguruan, eta lan egin behar dugu desberdinen errespetuaren alde. Gainera, aniztasunetik eraiki behar dugu etorkizunari begiratzen dion euskal nazio plurala”.
Miren Aranguren (Bilgune Feministako kidea)
1. “Orain dela 6 urteko adierazpena eta gero etorri behar zuen pauso bat dela uste dut, demokratizazio prozesuan aurrera egiteko gertatu behar zuen zerbait. Argi gelditu da ordea, ez dela bide erraza izan. Estatuen jarrera itxiak asko zaildu baitu bai armagabetzea bai gatazkaren konponbidean bestelako pausoak ematea. Oraindik zirrara sortzen didate Baionako ekitaldian bake artisauei entzun genizkien hitzek, bota zituzten/genituen malkoek, ikusitako itxaropen aurpegiek. Hauxe ekarri baitit niri armagabetzeak: Batetik poza, ilusioa, exitazio puntu bat. Itxaropena. Etorriko denarekiko jakinmina, urteetako min eta sufrimenduaren parte bati bederen ateak ixteko aukera berri bat ireki dela pentsatzen dut. Aurrez ezagutu ez dugun baldintza berri bat dugu mahai gainean eta behintzat horrek bide berriak irekiko dituela sinestu nahi dut. Bestetik beldurra, nostalgia. Jaio nintzenetik ETAren jarduera armatua ezagutu dut. Etorriko dena hobea izango denik ez dakit eta ikara ere sentitzen dut. ETAren jarduera armaturik gabe, ustezko normalizazio egoera batean gaudela sinestu dezakegu eta ez dut uste hala denik. Azkenik ardura. Izan ere, estatuen jarrera itxiek, klase politikoaren eskema zaharrek eta euskal herritarron ausardiak argi utzi dute, berriro ere, gu guztion inplikazioarekin egingo duela demokratizazioak aurrera. Ardura, prozesu horretan guztian gatazkaren definizioa eta, ondorioz, bakearena ikuspegi feministarekin jantzi behar dugulako. Herritar guztion inplikazioa eskatzen duelako, eta indar horiek guztiak artikulatu behar ditugulako”.
2. “Ez dakit zer gertatuko den. Gustatuko litzaidake beste herrialde batzuetan gertatu den bezala hurrengo pausoak argi egotea, adostuak izatea, bide orri argi bat edukitzea. Baionan argi gelditu zen askoren aburuz zein den hurrengo pausoa: presoak etxera ekartzea, gaixo daudenak kaleratzea, sufrimenduaren beste zati batekin amaitzea. “Gatazkaren” (Kakotxen artean jarri dut gatazkaren berdefinizio bat dela egin behar dugula uste baitut) dimentsio politikoa aitortu eta errelato txikiez osatutako kontakizun integral bat eraiki behar dugu, biktima guztiak aitortu, minak sendatze bidean jarri eta horrelakorik berriz ere gerta ez dadin zein baldintza behar ditugun guztion artean hausnartu behar dugu. Ezin dugu ahaztu zergatik erabaki zen herri honetan borroka armatuarekin hastea. Ezin ditugu ahaztu 40 urte hauetan herri honetan egon diren eta dauden diskriminazio eta zapalkuntzak, zauriak eta minak. Ezin dugu ahaztu zergatik sortzen diren gatazka politikoak, zein den horien funtsa eta, ondorioz, zer den konponbidean jarri behar duguna. Hemen jokoan dagoena ez da indarkeriaren erabileraren monopolioa zeinek duen bakarrik. Hemen herri eredu bat dago jokoan, justizia soziala dago jokoan. Hemen gure gorputzak, lurraldeak eta erabakiak daude jokoan”.