Kursaaleko egitaraua herrietara zabaltzeko

Zarauzko Hitza 2017ko apirilaren 7a

Ezkerretik, Nika Lertxundi Getariako alkatea, Iker Goikoetxea Kursaaleko zuzendaria, Nekane Iribar Zarauzko Kultura zinegotzia eta Jon Iraola Zumaiako Kultura zinegotzia, gaurko aurkezpenean. (A. Ventas Aldabaldetreku)

Kursaal eskura proiektuko lehenbiziko hitzordua apirilaren 22an izango da. Egun horretan musika klasikoa izango da protagonista. Hain zuzen  ere, Piotr Tchaikovskyren Beltxargen aintzira eskainiko dute Kursaaleko auditorioan, 20:00etatik aurrera. Doako autobusak jarriko dituzte Zumaia, Getaria eta Zarauztik.

Kursaal zentroak proiektu berria jarri du abian: Kursaal eskura. Horren helburua da hiriburuko programazioa, Kursaal Eszena deritzona, probintziara ere zabaltzea. "Jauregi hori gipuzkoar guztiena da, eta haien erabilera ere bultzatu nahi dugu", nabarmendu du Iker Goikoetxea Kursaaleko zuzendariak. Hala, lehenbiziko urratsa Urola Kostako hiru herrietan egingo dute: Getaria, Zarautz eta Zumaian, hain zuzen ere. "Kursaalean kalitatezko askotariko ekitaldiak eskaintzen dira urtean zehar, alor ezberdinetakoak, dela musika, dela antzerkia... Esaterako, 30 kontzertu baino gehiago antolatu ohi dira, eta 30.000 entzuletik gora izaten da".

Hori herrietara hurbiltzeko, kostako udalerrietako biztanleei hiriburuko egitarauaren berri emateaz gain, Kursaaleko programazioa udalerrietakoen parte egingo dute. Kursaal eskura proiektuko lehenbiziko hitzordua apirilaren 22an izango da. Egun horretan musika klasikoa izango da protagonista. Hain zuzen  ere, Piotr Tchaikovskyren Beltxargen aintzira eskainiko dute Kursaaleko auditorioan, 20:00etatik aurrera. Balletaren suita eta pianorako 1. kontzertua izango dira, Tchaikovsky Symphony Orchestraren eskutik eta Vladimir Fedoseyev zuzendariaren gidaritzapean.

Era berean, Donostiara joateko erraztasunak ere emango dituzte. "Kasu honetan, distantzia bera kontrako faktore bat da. Horregatik, doako autobusak jarriko dira Kursaalera joateko", jakinarazi du Goikoetxeak. Zumaiatik irtengo da autobusa, 18:40ean Aita Mari pareko geltokitik; Getarian, autobus geltokian egingo du lehenbiziko geldialdia, 18:50ean, eta bigarrengoa Zarautzen, batzoki aurreko geralekuan, 19:00tan. Ikuskizuna hasi aurretik, autobusak Kursaal parean utziko ditu herritarrak.

Sarrerak eta erreserbak

Interesa dutenek, Kursaal Elkarguneko web orrian erosi beharko dituzte sarrerak, apirilaren 18an baino lehen. 51, 41, 33, 27 edota 12 euro kostako dute. Deskontuak ere izango dira langabetu eta 30 urtetik beherakoentzat. Horiek 3 euro ordaindu beharko dituzte sarrera bakoitzagatik. Horretarako, sarrera erreserbatzea ezinbestekoa izango da, zumaiarrek 943-861056 telefonora deituta, getariarrek 943-140957 zenbakira eta zarauztarrek 943-005120 telefonora. Erreserba eginda, ekitaldiaren egunean bertan Kursaaleko leihatilan eskuratu ahalko dituzte txartel horiek. 

Behin txartelak erosita, autobusean plazak erreserbatu beharko dituzte udalerri bakoitzera deitu edota idatzita: Zumaian kultur etxera (kulturetxea@zumaia.eus eta 943-861056), Getarian turismora (info@getariaturismo.eus eta 943-140957) eta Zarautzen Sanz Eneara (kultura@zarautz.eus eta 943-005120).

Aurrez ikuskizun horretarako sarrerak erosita dituztenek edota abonatuek ere eskatu ahalko dituzte autobuseko plazak, aipatutako helbideetara idatzita edota telefono horietara deituta.

Udaletako ordezkariak "gustura"

Herrietako udal ordezkariak "gustura" agertu dira proiektuarekin. Nekane Iribar Zarauzko Kultura zinegotziak nabarmendu du Kursaaleko ikuskizunek dagoeneko badutelako "publikoa" udalerrian, eta "erosotasun aldetik, eskertzen" dela: "Joatekoa den jendeari erraztasuna ematen zaio eta asmoa ez zuena agian animatuko da hala".

Harekin bat egin du Nika Lertxundi Getariako alkateak: "Ez da beti izaten aukera halako kalitateko lan bat ikusteko, eta zentzu horretan, erraztasunak ematea beti da eskertzekoa. Orain guri tokatzen zaigu herritarrei proiektu honen berri ematea". g

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide