Imanol Urbieta omenduko dute Garagardo Azokan

Zarauzko Hitza 2017ko apirilaren 6a

Garagardo Azoka, iaz. (Eneritz Albizu)

Apirilaren 12tik 17ra egongo da zabalik azoka Munoako karpan.

Aste Santua gainean da, eta horrekin batera, baita jai egun horietako hitzordu berezia ere: Garagardo Azoka. Zarautz Rugby Taldeak eta Zarauzko Kirol Elkarteak antolatuta, aurten ere askotariko garagardo eta jatekoa dastatzeko aukera izango da Munoan atonduko duten karpan, eta baita hainbat kontzertuz zein bestelako ekitaldiez gozatzekoa ere.

6 egunez egongo da irekita, apirilaren 12tik apirilaren 17ra bitartean, hain zuzen ere. Hilaren 12an, 19:00etan irekiko dituzte azokako ateak, eta ordubetera, inaugurazio ekitaldia izango da. Aurten, Imanol Urbieta musikari eta pedagogoa omenduko dute, "amets egiten erakusteagatik".

Une horretatik aurrera, egunero 12:00etatik 01:00etara egongo da zabalik azoka, azken egunean izan ezik— 17:00etan itxiko dute azoka hilaren 17an—. Afaritarako mahaiak erreserbatzeko aukera izango da egunean zehar, eta autobus zerbitzu berezia ere jarriko dute azokara bertaratu ahal izateko.

Informazio osoa eskuratzeko, bisitatu Garagardo Azokako Facebookeko profila.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide