ZAEko bi traineru lehiatuko dira Pasai San Pedron

Zarauzko Hitza 2017ko martxoaren 24a

Zarauzko trainerua Oriako jaitsieran (Aritz Mutiozabal).

46 ontzik hartuko dute parte bihar arratsaldean, Sanpedrotarra Arraun Elkarteak antolatutako estropada honetan: sei beteranoetan, bederatzi emakumezkoetan eta 31 gizonezko seniorretan.

17:00etan hasiko da proba, eta erlojuaren aurka ariko dira Pasaiako badian. Beteranoek eta emakumezkoek bi luzetara jokatu beharko dute, eta senior gizonezkoek, berriz, lau luze eta hiru ziabogetara.

Eskualdeko klubek ez dute hutsik egingo hitzordu honetan. Zumaia izango da ontzi gehien eramango duena, lau guztira: gizonezkoetan hiru –bi seniorretan eta bat beteranoetan–, eta emakumezkoetan bat. Oriok hiru ontzirekin hartuko du parte: bi gizonezko seniorretan, eta emakumezkoetan bat. Zarautzek bi traineru eramango ditu, gizonezkoetan biak: seniorretan eta beteranoetan bana. Getariak, berriz, bakarra eramango du, gizonezko seniorretan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide