Kiroldegiko langileen auzia

"Udala bitartekari lanetan ari da kiroldegiko auzia konpontzeko"

Zarauzko Hitza 2017ko mar. 10a, 15:11

Kiroldegiko langileek astelehenetik larunbatera lanuzteak egingo dituzte. Udal Gobernuak gutxieneko zerbitzuak eskatu ditu baina Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailak ez ditu onartu. Zerbitzua eman ez izanagatik kuota orokorrean zein ikastaroetakoan konpentsazioa jasoko dute bazkideek.

"Kiroldegiko Balea Igeriketa eta BPXport enpresetako langileek enpresa horiekin duten gatazka konpontzeko bidean jarraitzen dute eta udala bi aldeen artean bitartekari lana egiten ari da, bi horien arteko gatazka konponbide batera bideratzeko", jakinarazi dute Udal Gobernuko ordezkariek. Hain zuzen ere, hori erakundearen "lehentasunetako bat" dela nabarmendu dute.

Kiroldegiko langileek datorren asterako lanuzteak aurreikusi dituzte, zehazki, astelehenetik larunbatera bitarterako. Udal Gobernuak aurreko greba egunetako greba egunetarako (martxoaren 2, 3 eta 4rako) gutxieneko zerbitzuak eskatu zituen. Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia saileko zuzendariak, aldiz, ez eskaintzea erabaki zuen, lehentasunezkoak ez zirela argudiatuz. Datorren asteko lanuzteetarako ere ez ditu onartu gutxieneko zerbitzuak.

Konpentsazioa

Hori dela eta, kiroldegia itxita mantenduko dute sei egunetan. Ez dituzte ikastaroak eskainiko eta gimnasioa nahiz igerilekuak ez dituzte zabalduko, baina bai kirol elkarteek erabiltzen dituzten kantxak zein arrauneko eta halterofiliako instalazioak.

Kasu honetan ere, Udal Gobernuak bazkideei jakinarazi die zerbitzua eman ez izanagatik kuota orokorrean zein ikastaroetakoan konpentsazioa jasoko dutela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide