Donostian izango da aurtengo Bertso Derbia, aste honetan bertan. Zehazki, martxoaren 10ean egingo dute bertso saio berezia, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Realaren eta Athleticen gizonezkoen taldeek datorren igandean jokatuko dute euskal derbia, 11:00etan, Anoetan; eta, urtero legez, partidaren harira antolatu dute saioa. Aurten, sei bertsolari hauek ariko dira nor baino nor, tartean, Andoni Egaña zarauztarra.
Realaren taldean ariko da Egaña, Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus; eta, Athletic-en izenean, Igor Elortza, Arrate Illaro eta Jon Maia. Mikel Labaka izango da gai-jartzailea; Realeko jokalari ohia, eta, gaur egun, Eusebio Sacristanen talde teknikoko partaidea.