“Taldean korrika egiteak beldur edo lotsa hori kentzen laguntzen dizu”

Ane Olaizola 2017ko martxoaren 4a

Maite Platero erdian (4660 dortsalarekin), Zarauzko Emakume Korrikalariak taldeko hainbat kideekin (Maite Platero).

Duela zazpi urte sortu zuten Zarauzko Emakume Korrikalariak taldea, emakumeak korrikan eta, oro har, kirol arloan ikusarazteko asmoz. Egun, 95 lagunek osatzen dute taldea, eta haietako bat da Maite Platero (Zarautz, 1972). Platerok ez ezik, taldeko beste 63 emakumek ere hartuko dute parte igandeko Lilatoian. Ane Olaizolak elkarrizketatu du Gipuzkoako Hitzarako.

Nola ari zarete prestatzen Lilatoia?
Astean bi entrenamendu egiten ditugu: astelehenetan eta asteazkenetan. Bi egun horiez gain, beste batzuk elkartzen gara hainbat egunetan. Jende asko gaude; batzuk azkarrago joaten dira, eta besteak, mantsoago. Orduan, taldetxoak egiten ditugu.

Zer eragiten dizue Lilatoiaren gisako lasterketa batean parte hartzeak?
Korrikan hasten garenean, askotan gure lehenengo lasterketa izan ohi da. Aldarrikapen gisa hartzen dugu: andreak kalean korrika egiten ikusarazteko modu bat da. Oso polita da lasterketa hori.

Zertarako aukera ematen du Lilatoiak?
Jendea korrika egitera animatzen da. Nire lankide bat 50 urterekin hasi da korrikan, eta harekin entrenatzen ari naiz Lilatoian ateratzeko. Lasaigarri moduko bat da; beldurra senti dezakezu, jendeak zu kalean korrikan ikusiko zaituela eta. Taldean joanda, gusturago zaude, eta beldur edo lotsa hori kentzen laguntzen dizu.

Zuk sentitu zenuen lotsa hori?
Hasieran, lotsa ematen zidan kalera korrika ateratzeak. Etxetik irteten nintzen, eta ibiltzera joaten nintzen azkenean. Baina lotsa hori dagoeneko ez dut. Ez zait gustatzen korrika bakarrik egitea. Taldean joaten gara, eta gustura ibiltzen garela uste dut.

Nolatan batu zinen taldera?
Egunkarian iragarkia ikusi nuen, eta hitzaldira joan nintzen informatzera. Txumai Fernandezek [taldeko entrenatzailea] esan zuenean Fortuna Kirol Elkartearen helburua zela emakumeak Behobia-Donostian ateratzea, pentsatu nuen ezinezkoa izango nuela. Baina dagoeneko lau egin ditut.

Elkarrizkerta osorik irakurtzeko: Gipuzkoako Hitza

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide