Udaberriarekin iritsiko da Errigoraren Uztaberria, eta horri begira, #ESKUTIKeskura kanpaina abian jarri dute. Betiere, Nafarroa hegoaldeko nekazal ekoizpena eta euskararen presentzia sustatze aldera. «Inoizko uzta oparoena, inoizko uzta berritzaileena» izango dela nabarmendu dute. Izan ere, oraingo kanpaina honetan eskainiko diren produktu guztiak –olioa, orburuak, potxak, barazki-menestra, pikilo piperra, tomate frijitua eta kremak– modu konbentzionalean ez ezik, ekologikoan ere eskuratu ahal izango dira.
Erronka ez dela erraza izan adierazi dute, baina «azkenean lortu dugu». Horretarako, nekazariekin zuzeneko harremana izan dute, eta elaboratzaileak nahiz nekazariak beren artean harremanetan jartzen lagundu dute. Horrez gain, bigarren berritasun bat ere badu kanpainak: aldi berean eskatu beharko dira olioa eta kontserbak, nahiz eta eta banaketa zein ordainketa bi alditan egingo den: oliba-olioa apirilaren hasieran eta kontserba-loteak ekainaren hasieran.
Eskaerak martxoaren 14a bitartean egin ahalko dira, errigora.eus atarian ez ezik, Zarauzko hainbat tokitan:
- Eguzki taberna
- Lakari denda
- errigorazarautz@gmail.com helbidean.
- Salbatore Mitxelena Ikastola.
- Zarauzko AEK.