Ezintasuna duten pertsonentzako aparkaleku txartelen iruzurrezko erabilera antzeman dute udalean, eta Mugikortasun zinegotzi Maite Garrastazuk salatu egin du gidari batzuek txartel hauei ematen ari zaien erabilera desegokia. "Txartelen jabeari laguntzen dieten pertsonak erabiltzen ari direla antzeman dugu, titularrak ibilgailuan izan ala ez izan. Hau da, txartelaren jabea autoan ez dagoela txartela erabiltzen ari den edonor kolektibo oso baten eskubideez baliatzen ari da”, nabarmendu du.
Udaletik gogoratu dute txartel mota hori "pertsonala eta transferiezina" dela; hau da, txartela mugikortasun arazoak dituen pertsonari ematen zaio, eta ez ibilgailu jakin bati. Txartela pertsona hori ibilgailu barruan dagoenean erabili daiteke soilik. Udaletik txartelen erabilera egokia egitea eskatu dute, eta mugikortasun zinegotziak erregutu die txartelen jabeen familia, lagun eta gertukoei, titularrak beraiekin bidaiatzen ez duenean, ibilgailua ohiko guneetan aparkatzeko eta mugikortasun arazoak dituztenentzat gordeta dauden aparkalekuak libre uzteko.
"Udaltzaingoa etengabe ari da txartelaren titularrak ez diren pertsonek gidatutako ibilgailuak antzematen, berezgarri honetaz baliatuz, autoak mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat gordetako guneetan aparkatzen, gune hauek esklusiboak eta pertsonalak izango balira bezala. Erabilera okerra txartela erretiratzearekin eta 200 euroko isunarekin zigortuta dago", adierazi du Garrastazuk. Era berean, "iruzurrezko erabilera kontrolatzeko sistema berri baten hobekuntzan" ari direla gaineratu du.
Mugikortasun arazoak dituzten pertsonen aparkaleku bereziak ohiko aparkalekuak baino zabalagoak dira, pertsona hauentzat errazagoa izan dadin ibilgailuetatik ateratzea. Gune hauetan 24 orduz aparkatu daiteke gehienez ere, eta berriz aparkatzeko 12 ordu igaro behar dute.
TAO bereizgarriak
TAOk araututako guneetan txartel hauen erabilera desegokia ere antzeman dute, eta udaletik argi utzi nahi izan dute txartela izateak ez dutla inongo eskubiderik ematen TAO guneetan aparkatzeko. Horretarako, dagokion bereizgarria eskuratu behar da, baina TAOren araudiaren arabera, auto gidari diren txartelen jabeek bakarrik eska dezake, eta hobari berezi bat izango dute. Zarautzen dauden 470 txarteletatik 69 dira auto gidariak. Txartela duten beste titular guztiek, TAO guneetan aparkatu nahi izanez gero, gainerako herritar guztiek bezala eskatu beharko dute bereizgarria.
Mugikortasun zinegotziak argitu duenez, “txartel bakoitzak berez eskubide eta baldintzak ditu, eta ezintasuna duten pertsonentzako aparkaleku txartelaren jabe izateak ez du eskubiderik ematen TAOk araututako gunean aparkatzeko, TAO bereizgarria izateak mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat gordetako gune berezietan aparkatzeko eskubidea ematen ez duen bezala.”