Igande honetan hasiko du denboraldia Zarauzko Zikloturista Elkarteak, Aizarnazabalera irteera eginez. Itzulia bukatuta, San Pelaioko Beaxai tabernan bilduko dira zikloturistak, hamaiketakoa egiteko. Denboraldian zehar, igandero egiten dituzte irteerak elkartekideek, eta zarauztarrekin batera, Orio, Getaria, Zumaia, Zestoa zein Azkoitiko zikloturistek ere hartzen dute parte hitzordu horietan. Oro har, inguruko herrietan egiten dituzte itzuliak, baina maiatza nahiz ekainean Piriniotara eta Nafarroa aldera ere jotzen dute.
Horrez gain, beste hainbat ekitaldi ere antolatu ohi dituzte. Tartean, Zarautz-Zarautz Klasikoa. Aurten, gainera, berrikuntza bat izango da: Haimar Zubeldia txirrindularia omenduko dute. Zarauzko bizilagunak duela 20 urte debutatu zuen txirrindulari profesional gisa, eta ibilbide luzea dauka: 15 aldiz hartu du parte Frantziako Tour-ean eta World Tour-eko beteranoena da. Horregatik guztiagatik, haren bi hamarkadetako ibilbidea aitortuko dute eta zikloturistekin batera egingo du ibilbidea Trek-Segafredoko txirrindulariak. Guztira, 152 kilometro izango dira, Urola bailaran eta Goierrin zehar. Besteak beste, Errezil, Altzo, Larraitz, Lazkaomendi, Olaberria, Mandubi eta Etumeta igoko dituzte. Maiatzaren 28an izango da.
Proba horretan parte hartu nahi dutenek Kirol Probak atarian eman beharko dute izena, maiatzaren 19ko gaurdira bitartean. Martxoaren 31a baino lehen egiten dutenek, gainera, Etxe-Ondoren maillot-a jasoko dute. Jakinarazi dutenez, aurten gehienez ere 600 lagunek hartu ahalko dute parte. Federatuek 30 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatuta ez daudenek, berriz, 40 euro.
Ohi bezala, proba 08:00etan hasiko dute, kiroldegi ingurutik irtenda. Dortsalak bezperan nahiz egunean bertan jaso ahalko dira, kiroldegian: maiatzaren 27an 18:00etatik 20:00etara eta hurrengo egunean, berriz, 06:30etik 08:00etara.
Emakumeen parte hartzea sustatu
Igandeetako irteerez eta klasikoa antolatzeaz gain, elkartetik aurreratu dute irailean Txirrindulari Txikien Eguna antolatuko dutela, Zarauzko Udalaren laguntzarekin.
Egun 100 bazkide ditu Zarauzko Zikloturista Elkarteak. Jakinarazi dutenez, adin ezberdinetako zikloturistak biltzen ditu eta "giro ona" dago euren artean. Elkartean emakumezko gutxi daude, ordea, eta haien parte hartzea sustatzea dute helburu. Horregatik, dei egin diete herritarrei elkartean parte hartzeko.
Informazio osatuagoa nahi dutenek Zarauzko Zikloturisten Elkarteko ataria bisitatu nahiz zzelkartea@gmail.com helbidera idatz dezakete.