Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarriko du bihar, nabigaziorako nahiz kostaldeko kalteengatik. 04:00-08:00 eta 16:00-20:00 bitartean egongo da indarrean abisua. 6 metrotik gorako olatuak izango direla aurreikusi dute, 15 segunduko maiztasunarekin. 05:40ean eta 18:00etan izango dira itsasgorak bihar.
Zarauzko Udalak malekoia itxi egingo du itsasgoran eta behar diren segurtasun neurri guztiak hartuko ditu. Udalak "tentuz" jokatzeko eskatu die herritarrei, seinaleak errespetatzeko eta olatuek jotzen duten lekuetara ez joateko. Protokoloarekin jarraituz, itsas pasealeku inguruko taberna eta establezimenduei jakinarazi zaie alerta laranja izango dela, lokalak itxi eta babestu ditzaten.
Gaur gauerako, berriz, alerta horia dago emanda, nabigaziorako arriskuagatik. 21:00etatik gaurdira egongo da indarrean, eta aurreikusi dute 4-5 metroko olatuak altxatuko direla.