«Ez dirudi, baina paisaiak margotzeak badu bere filosofia», dio Iñaki Astiazaranek: «Paisaia ez da betidanik landu den gaia izan. Erromantizismoak eta horrek guztiak pasatu behar izan dute paisaiaren ikuspegi subjektibo izateko». Zarauzko hondartzatik margotutako dozena bat lan jarri ditu Lukas ardotegiko hormetan artista zarauztarrak. Udazkenean eginikoak dira, eta horietan, itsasoa, Mollarri eta Getaria bezalako parajeak ikus daitezke.
Paisaia margotzerakoan «inportatea» dela iritzi dio tokian bertan egotea, eta ez argazki bati begira. «Argia harrapatzea da misterioa. Getariako San Anton mendia margotzea, azken finean, horretarako aitzakia bat da», nabarmendu du artistak. «Aire zabalean margotzearen funtsa da momentuko argia hartzea. Instant hori geratzea unibertsoko zurrunbilo honetan, alegia». Lanketa hori aurrera eramatea oso zaila dela dio, «argia aldakorra delako». Horregatik egin ditu tamaina txikiko margolanak, «argia jasotzeko azkar ibili behar delako».
Kostaldeko paisaiekin batera, 90eko hamarkadan Marokon margotutako bi lan espresionista-abstraktu ere ipini ditu erakusketan.
Sortze denbora
Arte munduan ibili da betidanik Astiazaran, nahiz eta azken urteetan lanak ez dion horretarako denbora askorik uzten. «Sormenak bere denbora behar du, nahiz eta ezer ez egin. Tailerrean egon, obran pentsatzen aritu. Tamalez, lan kontuak medio, oso mugatuta nabil alde horretatik. Horregatik, errazagoa egiten zait hondartzan margotzea».
Aurretik egin dituen erakusketak bestelakoak izan dira. «Azken urteetan eskulturarekin nabil lanean. Hondartzan topatutako objektuekin lantzen ditut eskulturak. Hori da nire aspaldiko esperimentua, eta gehien jorratu dudana». Horrekin guztiarekin, erakusketa «potente bat» egin nahi duela aurreratu du, baina oraindik zehazteko du noiz eta non irekiko duen.