Susa editorialekoen mailukada bat ostegunero. Hamabost urtez. Zazpiehun eta laurogeita seigarrena gaurkoa. Armiarmaren leiho izateko jaio ziren Literatur Emailuen ibilbideaz mintzo da proiektuko arduraduna, Mikel Elorza (Zarautz, Gipuzkoa, 1966).
Literatur Emailuak ez al dira Armiarma izeneko letramendi baten punta?
Halaxe dira. Azken batean, Emailuak orain dela hamabost urte asmatu genuen leiho bat dira. Armiarman dagoena da benetan azpimarratzekoa. Astero, hutsik egin gabe, horko aleak Emailuak buletinaren bidez zabaldu ditugu.
Noiz hasi zen Armiarma lanean?
2000. urte inguruan sareratu genuen Susaren webgunea; eta, handik oso gutxira, Ibinagabeitia proiektua, Literatur Aldizkarien Gordailua. Horiek izan ziren lehendabiziko bi urrats handiak. Susaren webgunearekin batera, konturatu ginen Internetek badauzkala bi ezaugarri guri interesatzen zaizkigunak: abiadura eta interakziorako aukera, eta biltegi gaitasun izugarria. Ez genuen egin nahi ohiko argitaletxe gunea, eta garai bateko Susa aldizkariak ere sareratzea erabaki genuen. Eta baita Ustela, Oh! Euzkadi, Pott, Egan eta beste ere. Armiarmak hastapen hartako espirituari eutsi dio: bokazio publikoa dauka. Erreferentziez gain, testuak ere eskaini nahi izan ditugu, modu irekian, ahal dela mundu guztiak erabil ditzan.
Eta, bide horretan, Armiarmaren atal gehiago etorri dira.
Bai. Edukiaz aparte, datu base batzuk osatuz joan gara: Literaturaren Zubitegia eta Euskarari Ekarriak. Datu baseak oso inportateak dira gure literaturaren entziklopedia bat egiteko. Entziklopedia, jakintza bere osotasunean biltzeko zentzuan. Oraindik lantzeko dagoen kontu bat da hori: Internetek intertestualitatea lantzeko aukera eskaintzen du. Literaturaren historia berri bat egin ahal izateko, testuetatik abiatuta. Hori da Armiarmaren espiritua.
Emailuek erreferentzialtasuna eman al dizuete?
Agenda, esaterako, ez da oso garrantzitsua eduki aldetik, baina guri erreferentzialtasun bat eman digu, bai. Euskal Herri osoan literatura ekitaldiak egiten direla ikusarazteak badu garrantzia. Literatura agente diren besteak, komunikabideak, unibertsitatea, literatur taldeak... saretzeko.