Denboraldi berriari ilusio handiz aurre egiteko prest daudela dio Ismael Etxarrik (Zarautz, 1957), Zarauzko Jira-Bira txirrindulari taldeko zuzendari teknikoak. Babesle berria estreinatu dute, eta aurten eta hurrengo bi denbortaldietan Grupo Eulen izenarekin korrituko dute. Aurreko ostiralean aurkeztu zuten 2017an lehiatuko den taldea, Donostian, eta larunbat honetan Zumaiako lasterketan hartuko dute parte.
Babesle berria duzue hiru denboralditarako. Taldearen etorkizunari begira apustu ona izango da, ezta?
Txirrindularitzaren egoera nola dagoen ikusita, hala da, bai. Mundu guztiak futbolean pentsatzen du, eta enpresa bat etortzea txirrindulari talde bat babestu asmoz, eta, gainera, hiru urterako izatea, horrek proiekzio bat ematen dio taldeari. Kategoria honetan, 23 urtez azpikoetan, txirrindulariak lau denboraldi egiten ditu eta, beraz, taldera sartzen den txirrindulari berriak ia-ia ziklo bat osatuko luke gurekin. Aurrera begirako jarraipen bat eskaintzen diozu taldera datorrenari. Alde horretatik, oso eskertuta gaude babesleari.
Ostiraleko aurkezpenean adierazi zenuen aurtengoa «talde orekatua» dela.
Saiatu gara pixka bat konpentsatzen gaztetasunaren eta beteranotasunaren artean; hau da, lehen urteko lasterkariekin eta laugarren urtekoekin orekatzen. Pauso hori oso ongi eman dugu. Azken urtea duten hiru lasterkari ditugu, jada eskarmentudunak, eta hirugarren urtea duen Gorka Etxabe aizarnazabaldarra; gainerakoak gazteagoak dira. Bestalde, lur eremuari dagokionez, maldak ongi igotzen dituzten lasterkariak ditugu; esprinter bat ere badugu, Oier Ibarguren azpeitiarra; ibiltzaile onak ere baditugu, gure jatorria pista [belodromoa] delako; eta badugu taldean lur eremu guztietara txukun moldatzen denik ere. Horrek ez du esan nahi guztietan onenak garela, baizik eta eremu orotan defendatzeko gai garen talde orekatua garela.
Txirrindularitzako diziplina guztietan lehiatzeko asmoa al duzue?
Printzipioz, gure taldea pentsatuta eta egituratuta zegoen pista egiteko, baina betiere errepidera jauzi egiteko asmoarekin; duela hiru urte eman genuen pauso hori. Orain arte, beraz, pista eta errepidea lantzen genituen, baina aurten Iñigo Altuna lasartearra fitxatu dugu, ziklo-krosa egitetik zetorrena. Gurekin fitxatu berritan, abendu inguruan, ziklo-kroseko Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen. Horrek lorpen bat gehiago ematen dio taldeari, eta gauzak ongi bidean, datorren urtean ziklo-kroseko Espainiako Kopako probaren bat edo beste korritu nahi ditu.
Hamabi txirrindularik osatzen dute taldea...
Bai, hamabi dira une honetan. Baina txirrindularitza kirol oso exigentea da, eta lasterkariren batek edo bestek amore ematen du beti. Talde guztioi antzerakoa gertatzen zaigu. Orduan, denboraldian zehar errepideko lasterketetan ongi ikusi dugun jendearengana jotzen dugu, lagata-edo taldera ekartzen ditugu. Baina, hasiera batean, hamabi txirrindularirekin nahikoa da, guztiei ere probak emateko. Gero, maiatza edo ekaina aldean pare bat gehiago behar baditugu, bada ekarriko ditugu eta aurrera.
Gipuzkoako harrobiko txirrindulariez osatutako taldea da.
Gipuzkoako harrobikoak dira, nahiz kanpokorik ere baden. Kike Serrato Monterreykoa da (Mexiko), baina jubeniletatik Gipuzkoan ibili da lehiatzen. Orain arte, gainera, Seguros Bilbao taldearekin aritu da lehiatzen, baina talde hura desagertu egin da, eta gurekin korritzea erabaki du. Esperientzia emango digu, eta eskalatzaile oso ona da. Bestalde, Gari Lagnet dugu, Ipar Euskal Herrikoa dena, baina infantil edo kadeteetatik hemen lehiatu da. Gure inguruan ibili da beti, eta Frantziako proben egutegia egiteko asmoa dugunez, ongi datorkigu halako lasterkari bat taldean izatea. Gainerakoak gipuzkoarrak dira, Urola Kostakoak eta Donostia ingurukoak.
Zeintzuk dira eskualdekoak?
Oier Ibarguren azpeitiarra, Jon Agirre zestoarra eta Gorka Etxabe aizarnazabaldarra. Horiez gain, Unai Iparragirre Txipa azpeitiarra eta Jon Eizagirre Txetxa zarauztarra daude kirol zuzendari gisa, Joseph Pascal frantsesarekin batera. Eta gero, ni neu nago, zuzendari tekniko lanean.
23 urtez azpiko hiru txirrindulari talde daude egun Gipuzkoan: Grupo Eulenekin batera, Ampo eta Debabarrena. Bertako txirrindularitzak etorkizuna duen seinale?
Ez pentsa! Konparatuko bagenu, txirrindularitzan afizionatu edo amateur mailara zortzi lasterkari inguru pasatzen dira, eta futbolean jubeniletatik gora zortzi futbolari pasatuz gero, krisi mahai bat eratuko litzateke. Txirrindularitzan amateur mailako taldeak falta dira, azpiko mailetan harrobi oparoa eta kalitatezkoa baitago. Baina babesle bila joaten zara, ordea, eta denak futbolean pentsatzen daude. Pena bat da. Gainera, txirrindularitzan talde bat desagertzen bada, betiko desagertzen da, eta talde hori ez du beste inork berriro hartzen. Izan dira urte luzez ibili diren taldeak –Seguros Bilbaok, esaterako, 12 urte egin zituen–, eta ez dago haien lekukoa hartuko duenik. Guztia desagertzen da: ezagutza, inbertsioa... Beste ikuspegi bat eman behar zaio txirrindularitzaren etorkizunari. Edo eskualde izaerako taldeak egiten ditugu, edo beti milaka euro jarriko dituen firma komertzial baten esperoan egon behar badugu, ezinezkoa izango da talde hori mantentzea. Baina zer egingo diozu jendeak futbola nahi baldin badu.
Zuek nolatan erabaki zenuten Jira-Bira taldea sortzea?
Jira-Bira sortu zen azpiko mailetakoak, juniorretatik beherakoak, pistan oso indartsu zebiltzan momentu batean. Challenge bat antolatzen dute Anoetako belodromoan, zortzi probaz osatua, eta jende ona zetorrela ikusi genuen, baina ez zegoela 23 urtez azpiko talderik pistan lehiatzeko. Gabezi hori ikusita, horren aldeko apustua egitea erabaki genuen. Azken finean, euskal txirrindulari onenak Anoetatik atera dira: Abraham Olano, Peio Ruiz Cabestany, Txomin Perurena, Miguel Mari Lasa, Jose Mari Errandoenea... Hemen belodromo bakarra izan eta juniorretik aurrera pistako talderik ez zegoela kontuan izanda, istorio honetan murgiltzea erabaki genuen 2011n. Beraz, aurtengoa seigarren denboraldia dugu.
Zer-nolako balorazioa egiten duzu taldearen ibilbideaz?
Itzela izan da. Pentsatzen nuena baino hobeto atera da, eta batez ere, orain hiru urtetarako proiekzioa dugula. Oso ongi joan zaigu. Betiere, kontuan izanda errepidera ere jauzi egin dugula, eta Euskal Herrian talde oso onak daudela: Caja Rural taldea, nolabait ere afizionatuen Espainiako selekzioa egiten duena; Lizarte, Movistarrekin akordioa duena; eta Euskadi Fundazioa. Horiekin lehiatzea oso zaila da, baina egiten dugun lana sekulakoa da, eta oso harro gaude. Badugu kalitatea: ibilbideko eta erlojupeko Gipuzkoako txapeldun izan gara; pistako Espainiako Kopan lasterkariak izan ditugu, baita pistako Europako Txapelketan ere; eta, junior mailan pistan Munduko Txapelketan ibilitako bat ere bai. Kalitate handiko txirrindulariak ditugu taldean. Kontua da hemen Espainiako onenak daudela.
Zeintzuk dira 2017ko denboraldirako finkatu dituzuen helburu nagusiak?
Babesleari begira, itxura ona eman nahi dugu emaitzez haratago. Era berean, txirrindularitzari duintasuna eman nahi diogu, eta gauzak ongi egin. Kirol emaitzei begira, berriz, erlojupeko Gipuzkoako Txapelketa irabazteko gai ikusten dut Gorka Etxabe, eta Espainiako Txapelketan ere hor ibiliko da. Errepidean ere txukun ibiliko garela iruditzen zait... Ez naiz ausartzen zenbat lasterketa irabaziko ditugun esatera. Gure asmoa da gauzak duintasunez egitea, lana ongi egitea, eta errepideak jarriko gaitu gure tokian.
Jada hasi zarete lehian, ezta?
Hiru proba jokatu ditugu Ipar Euskal Herrian, eta test gisa hartu ditugu larunbat honetan jokatuko den Zumaiako lasterketarako. Bertan, irabazteko aukerak ikusten ditugu Oier Ibargurenekin. Ikusiko dugu nola gauzatzen den proba, esprint batean ez baitakizu azken metrora arte nola bukatuko den.