Akordeoiko obra berrien sorkuntza bultzatzeko, Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi elkarteak Francisco Eskudero Nazioarteko Konposizio Sariketa antolatu du beste urte batez. Parte-hartzaileek hainbat oinarri bete beharko dituzte. Batetik, akordeoirako sortutako obrak, bakarka edo Kamera Musikan, guztiak maila berean lehiatuko dira. Pieza bakoitzak gehienez ere 10 minutu iraun dezake.
Bestetik, lehiaketara aurkeztuko dituzten lanek 2013ko urtarrila baino geroago sortuak izan beharko dute. Aurretik sortutako enkarguak onartuko dituzte, baina edozein kasutan ere, betiere estreinatu zein argitaratu gabeak izan beharko dute.
Obrak irailaren 5a baino lehen aurkeztu beharko dira. Parte-hartzaileek 30 euro ordaindu beharko dituzte, Hauspozeko bazkide izanez gero, 10 euro. Irabazleak 1.500 euro eskuratuko ditu eta obra editatu ahalko du. Bigarrengoak, berriz, 500 euro jasoko ditu.
Sari banaketa ekitaldia irailaren 16an egingo dute, Zarauzko Akordeoi Astearen barruan.