«Bizitzak bigarren aukera eman dit»

Zarauzko Hitza 2017ko otsailaren 17a

Yuri Berchice Realeko jokalari zarauztarra Realaren onbidean ezinbesteko pieza bilakatu da, baina ez ditu ahaztu igarotako garai latzak. Realarekin Europan jokatzea du amets. BERRIAk elkarrizketa egin dio.

Lorez baino gehiago, arantzaz beteriko futbol ibilbidea izan du Yuri Berchichek (Zarautz, Gipuzkoa, 1990). Antiguokoren, Realaren eta Athleticen harrobietan arrakastarik izan ez, eta Ingalaterrarako bidea hartu behar izan zuen soilik 16 urte zituela. «Burua ez neukan behar zen tokian». Han ere bere hartan joan zitzaizkion gauzak, eta bi urteren buruan itzuli zen Espainiako Ligara. Valladoliden aritu zen lehenik, Real Unionen gero, eta orduan jaso zuen Realaren eskaintza. «Azkeneko trena zela iruditu zitzaidan, eta bizimoduari buelta eman nion». Eibarren bi sasoi distiratsu egin ondotik, Realean hirugarren denboraldia du, eta ezinbesteko jokalari bilakatu da taldean. Gozatzen eta gozarazten ari da.

Taldea bera bezala, oso indartsu ari zara zu ere. Inoizko garairik onenean al zaude?

Konparazioak egitea zaila da, baina egia da oso garai gozoan nagoela. Eibarren egindako bi denboraldiak oso onak izan ziren, magikoak. Ez ditut inoiz ahaztuko, beti izango ditut oroimenean. Baina orain ere sasoi betean nago. Ezbairik gabe, Realean nagoenetik, lan onena orain ari naiz egiten.

Bi urte behar izan dituzu egokitzeko, eta hirugarrenean lehertu zara. Zergatik?

Nire jokatzeko ezaugarriak beti izan dira antzekoak, baina Realera iritsi nintzenean aldaketa nabarmena izan zen. Kluba handiagoa da, mediatikoagoa, jokatzeko era ere ezberdina zen, taldekide berriak... Orain hobeto ezagutzen dut guztia, eta, bildutako esperientziarekin, gero eta jokalari hobea naiz. Orain hobeto neurtzen ditut gauzak, badakit noiz joan erasora eta noiz geratu atzean, eta urteek ematen duten puntu hori igarri egiten da. Bideo, lan saio eta entrenatzaileen aholkuekin hobetuz joan naiz.

Gainera, jarraitutasuna lortu duzu. Nola bizi izan zenuen De la Bellak Reala utzi izana?

Egia da hamaikakoan jarraitutasuna izateak mesede egin didala. De la Bella udan taldetik irten izanak pena eman zidan, oso harreman estua baikenuen biok. Beti zegoen laguntzeko prest. Oso maitatua zen taldean. Baina klubak nire alde apustu nabarmena egin zuen, eta niri erantzutea tokatzen zitzaidan. Uste dut konplitzen ari naizela. Hori bai, gustatuko litzaidake De la Bellaren ibilia izatea. Hark Europako ligan eta Txapeldunen Ligan jokatu du Realarekin, eta ea nik lortzen dudan. Orain oso ondo doazkio gauzak, eta pozten naiz.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, jo BERRIAren webgunera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide