Zarauztik pasatuko da DSS2016EU GR mendi ibilaldia

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 14a

Xenda horren bitartez Aralar Natur Parkea, Hernio-Gazume, Pagoeta Natur Parkea eta IƱurritzako biotopoa (argazkian) lotzen dira.

Gipuzkoako gune "natural babestu" guztiak oinez zeharkatuko dituzte. Guztira, zazpi ibilbide izango dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak DSS2016EU GR sarea aurkeztu zuten joan den ostiralean, zehazki, Arantza Ariztimuño Mendi eta Natura Inguruneko zuzendariak, Pablo Berástegui Donostia 2016ren zuzendariak eta Txema Garay Club Vasco de Camping elkarteko presidenteak. Antolatzaileek azaldu dutenez, “mendi-bide sare bat” da, eta, horren harira, Gipuzkoako gune “natural babestu” guztiak oinez zeharkatzeko zazpi ibilbide egingo dituzte. Europako mendi-bide sarearen barruan kokatzen da egitasmoa, eta Hiriburutzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiaren lankidetzaren artean antolatu dute.

Mendi-bide sarean zehar, eskualdeko hainbat txokotatik pasatuko dira. Horietako bi, Zarauztik: bata, GR 35 ALTXONBIDE ibilbidea, hain zuzen ere. Lizarrusti-Zarautz artean izango da. Artzainek erabilitako udako bazkak negukoekin lotzen dituzten bideetan zehar doazen hiru etapa dira, guztira, 70 kilometrokoa.

Bestea, GR 121 TALAIA ibilbidea da, Hondarribiatik Saturraran bitarteakoa. 80 kilometro ditu, eta Gipuzkoako kostaldea zeharkatzen duten sei etapek osatzen dute.

Ibilbidearen inguruko zehaztasun guztiak eskuragarri egongo dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide