Sexu Aholkularitza Zerbitzuaren txartel berriak atera dituzte, gunearen logotipo berriarekin, eta datorren astean toki publikoetan eta itxaron gela edo zain egoteko tokia duten komertzioetan jarriko dituzte eskuragarri, euskarri batzuetan. Txartelak zerbitzuaz arduratzen den Aitziber Estonba sexologoarekin harremanetan jartzeko moduak jasotzen ditu. "Zerbitzua doakoa da eta herritarren artean ezagutzera eman nahi dugu", adierazi du Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek.
Beste berrikuntza batzuk ere baditu Sexu Aholkularitza guneak. Parekidetasun zinegotziak dio "itxura aldaketa" egin diotela, batik bat bulegoaren kanpoaldeari: "Azkenean balioan jarri nahi dugu lekua bera. Herritarrak kontsultak egitera etortzen dira, eta inportantea da barrutik ematen den goxotasuna kanpotik ere ematea". Horretarako, aterpea txukundu eta garbitu dute, eta loreontziak jarri dituzte beirateen aurrean.
Kontsultak areagotuz
Zerbitzuaren erabilpenean igoera bat egon da, eta hori oso pozgarria dela azaldu dute Vazquezek eta Estonbak. Irailetik urtarrila bitartean 30 kontsulta inguru izan ditu, eta erabiltzaileen adin tartea 30-40 urte ingurukoa izan da gehien bat, nahiz eta gazteagoak ere izan diren. Oraingo honetan, bikotean galdetu dute gehien eta tratatutako gai nagusia "bikoteen arteko elkarbizitza eta hor sortzen diren zailtasunak nahiz trabak" izan direla nabarmendu du sexologoak. Elkarbizitza arazoez gain, ondorengo gaien inguruko kontsultak ere izan ditu: harreman erotikoetan zailtasunak, ligea, banaketa eta lehen aldia, besteak beste.
Vazquezen esanetan, "zerbitzuak oso ongi funtzionatu du azken hilabeteotan, eta balorazio oso ona egin behar dugu. Eskaera, bisita eta kontsulta dezente izan dugu, eta hori datu pozgarria da. Azken finean, gure helburua da herritarrei laguntzea, eta zerbitzu honekin laguntza garrantzitsua eta baliagarria eskaintzen dugula uste dugu".
Proiektua ez dela bulegora bakarrik mugatzen azpimarratu dute zinegotziak eta sexologoak. Horren adibide dira ikastetxeetan egiten diren saioak, Erlo Telebistan hilero eskaintzen duten Sexkulari saioa edo anbulatorioan emaginekin egiten den elkarlana. "Herriko eragileekin lan handia egiten ari naiz, jendea hona etor dadin ez ezik, sexualitatea ikustarazteko", adierazi du Estonbak.
Horren harira, sexologoak hitzaldi bat eskainiko du martxoaren 1ean, Hirugarren Adineko Mahaikoen programazioaren barruan. Sexualitatea bukatzen al da adin batetik aurrera? izenburua izango du, eta Modelo aretoan izango da, 19:00etan.
Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko
Sexu Aholkularitza Zerbitzuko bulegoa (Zuberoa kalea, 22 - atzealde) astearte arratsaldetan zabaltzen dute, 17:00etatik 21:00etara. Aurrez aurreko kontsultez gain, 943-00 51 28 telefonora deituta, sexuaholkularitza@gmail.com helbidera idatzita edo saresozialen bidez ere egin daitezke.