Honakoa dio auziaren inguruan:
El Lector de Huesos programan parte hartu duzu. Zer moduzko esperientzia izan da?
Norbaitek esango du saio horrek balio duela ni famatu egiteko, baina nik uste dut interes sozialeko gai batzuk hobeto ezagutu behar dituztela herritarrek. Izaera kriminaleko gaiak lantzerakoan, beti dago informazioa zabaltzeko beldurra. Hori ulergarria den arren, uste dut inporta zaizkigun gaiak ondo azaltzeko dugun baldartasunaren erakusle dela. Iruditzen zait jendeari azaldu behar zaiola nola funtzionatzen dugun gure arloan. Programan parte hartzeko aukera eskaini zidatenean, bi gauza eskatu nituen: saioak balio dezala egiaztatzeko kualifikatutako lantaldea garela eta baliabide nahikoak ditugula, eta, era berean, bokazio berriak sortzen lagun dezala.
Eskualdeko kasu bat ere landu zenuten: Amaia Azkuerena. Zerk deitu zizun arreta afera horretan?
Bidegabeena iruditzen zait gertatu zenaren kulparen zati bat emakume hark izan zezakeela hedatu izana eskualdean. Ez dakit erabiltzen ditudan hitzak egokienak diren, baina hori guztia oso bidegabea da emakume harentzat eta familia osoarentzat. Gaia oso delikatua da, eta guk kapitulu hartan argi utzi nahi izan genuen bidegabea, neurriz kanpokoa eta inolaz ere beharrezkoa ez zen heriotza hura ankerkeriaz jokatu zuen pertsona batek eragin zuela. Eta jendea aritu da esaten: «Agian, emakumeak zerbait…». Hori azaldu egin zen hedabideetan, eta ikaragarrizko iraina da. Zertaz ari gara hitz egiten? Horrelako tabernako zurrumurruak ez dira onargarriak.
Elkarrizketa osorik irakurtzeko, Urola Kostako Hitzako ataria bisitatu.