Donostiako Garoa Kultur Lab itxi egingo dute

Zarauzko Hitza 2017ko otsailaren 7a

Erabaki pertsonala izan dela jakinarazi dute arduradunek. Otsailaren 11a izango da azken eguna.

Garoako blogaren bidez eman dute berria. Jakinarazi dute "baldintza eta arrazoi ezberdinen elkargurutzatzea medio" hartu dutela erabakia. Hala ere, proiektuak "bizi-bizirik" jarraitzen duela nabarmendu dute, aldatzen doala dela proiektua eta etapa berri bat hasiko dutela. Horretarako, hausnarketa prozesu batean murgilduko dira Garoako kideak.

Bi urte eta erdiko ibilbidearen ondoren, hilaren 11an, larunbat honetan itxiko dute Donostiako denda. Hona hemen idatzi duten testua:

"Bi urte eta erdiren ostean Garoaren Donostiako Garoa ixteko erabakia hartu dugu. Bizitzan badira uneak, zeinetan aurrera egiteko erabakiak hartu behar izaten baitiren. Atzean ez geratzeko. Eta hau une horietako bat zen guretzako. Baldintza eta arrazoi ezberdinen elkargurutzatzea medio hartu da erabakia. Ez genuen arrazoi ekonomikoak medio zabaldu Donostiako laborategia, eta ez dugu arrazoi ekonomikoengatik itxiko. Erabaki pertsonala da hartu duguna, erabaki intimoa. Erabaki zaila eta erabaki irmoa.

Ba ote da erabaki errazik bizitzan? Hastapenetatik arnastu, sentitu eta zamalkatu dugun proiektu bat da gurea. Hormak eta zimenduak guk geuk altxa bagenitu bezala sentitzen dugu Zabaleta kaleko 34a. Harri bakoitza geuk altxa bagenu bezala. Eta pareko harakina eta bigarren solairuko gizona-emaztea lagunak ditugu. Groseko auzokide andana ere bai.

Eskerrak eman nahi dizkiegu denei. Groseko bizilagunei eta Donostian bidelagun izan ditugun irakurle, idazle, artista, musikari, sortzaile eta eragile kulturalei. Eskerrak Ruth Pérez Anucitari, eskerrak denei amets bat altxatzen lagundu izanagatik. Eskerrak eman nahi dizkiegu bai, baina, adiorik inola ere ez. Garoa proiektuak bizi bizirik baitarrai, Garoa ez baita leku bat, ez baita lokal bat. Garoa eten gabe aldatzen joan den eta joango den proiektua da. Eta etorkizunean ere elkarren bideak gurutzatuko direnaren batere zalantzarik ez dugu. Etapa berri bat hasiko dugu Garoan, eta etapa horrek geure burua berriz definitzea eskatzen digu. Non gauden ikusi eta nora heldu nahi dugun asmatzen saiatzea. Hausnarketa prozesu batean murgilduko gara, proiektuaren adarrak eta norabidea zehazteko. Garenari bizkarrik eman gabe, eta izan nahi dugun horri noiz baino indar handiagoz heltzeko.

Garoa zabalik egongo den azken eguna larunbata, otsailaren 11a, izango da. Ordura arte Garoan izango gaituzu libururik edo besarkadarik behar baduzu.

Eskerrik asko bihotzez, baina adiorik ez,

Garoako lagunak"

Donostiako ekitaldi batzuk, Zarautzen

Urtarrila amaieran aurkeztu zuten Garoako datozen hilabeteetarako egitaraua. Orain, hainbat aldaketa izango ditu. Ekitaldietako bi Zarauzko liburu-dendan izango da, esaterako: otsailaren 15ean Ibon Sarasolaren Bitakora kaiera aurkeztuko dute eta hurrengo egunean Julio Villarren Viaje a pie.

 

 

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide